Emaitza onak lortu dituzte bertoko arraunlariek Ondarroan
Bizkaiko batel ligako seigarren estropada jokatu zuten arraunlari bizkaitarrek Ondarroako uretan, zapatuan. Bizkaiko hainbat txokotatik etorritako hainbat arraunlari eta batel bildu ziren bertan. Gainera, bigarren, hirugarren eta laugarren postuak bere...
Bertokoen artean, Mundaka Arraun Taldekoek lortu zuten postu hoberena zapatuko estropadan; gazteen mailan, bigarren egin baitzuten gizonezkoetan. Bermeokoak ere fin aritu ziren: neska eta mutilak bateratutako haurren kategorian hirugarren egin zuten, eta haur eta kadete mailan, gainera, laugarren egin zuten, neska zein mutiletan.
Gainontzekoak ere lehian
Elantxobe, Ondarroa eta Lekeitioko arraunlariek ere parte hartu zuten lehian, eta gorenengo postuak eskuratzeko borrokatu zuten uretan.
Bizkaitarrak ez ezik, gipuzkoarrak ere arraunean lehiatzeko elkartu ziren asteburuan. Mutrikun 12. jardunaldia jokatzeko ordua jarria zuten domekan; hala ere, eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera uztea erabaki zuten egun horretako norgehiagoka. Hala, zapatuan Zumaian jokatutako estropadagaz konformatu beharra eduki zuten.
Beste hainbat arraun talderekin batera, mutrikuarrek ere parte hartu zuten; hain zuzen, gazte eta nagusien mailan uretaratu zituzten batelak gizonezkoek. Gazteak azken sailkatuak izan baziren ere, nagusiek hirugarren postua eskuratu zuten, hala, zazpi puntu bereganatuta.