Basterretxea Izaroko uretan
Kasinoan egindako ekitaldia baino lehen, artista bermeotarraren familiako kideek haren nahia bete zuten, eta Izaro uhartera irteera eginez, Basterretxearen errautsak bota zituzten itsasora.Nestor Basterretxea artista bermeotarraren errautsak Izaro irla...
Kasinoan egindako ekitaldia baino lehen, artista bermeotarraren familiako kideek haren nahia bete zuten, eta Izaro uhartera irteera eginez, Basterretxearen errautsak bota zituzten itsasora.
Nestor Basterretxea artista bermeotarraren errautsak Izaro irlaren inguruan daude. Bermeoko herriak Basterretxeari egindako omenaldira egindako bisita aprobetxatu zuen artistaren familiak, «aitaren nahia betetzeko», zioen Monika Basterretxeak.Familiartean Izaro irlara irteera egin ostean, sinbolismoz betetako omenaldia egin zioten Bermeoko seme kutunari Kasinoko areto nagusian. Bermeoko semearen senideek, herriko lagunek, kanpotik etorritakoek, Bermeoko hainbat taldek eta Idurre Bideguren alkateak eta zenbait hautetsik parte hartu zuten ekitaldian.
Hainbat izan ziren Kasinoan bildutakoek bizi zituzten une hunkigarriak, baina denetan hunkigarriena Bermeoko alkateak Basterretxearen familiari 200 urtetik gorako teila bat eman zionean bizi izan zuten. Haren alaba Monika Basterretxeak eta ilobak hartu zuten oroigarria. Nestor Basterretxea Bermeoko seme kutunari 2015-03-21 ‘Bermeo nire herri maitea, zu zara olatu erraldoi baten indar zoragarria’ irakur zitekeen teila horretan; hain zuzen, Basterretxearen Olatua eskulturan irakur daitekeen esaldia. Udalak nabarmendu duenez, teilak sinbolismo berezia dauka, «Nestor Basterretxeak Izaro irla eta Madalen jaiak asko maite» zituelako.
Artista batek besteari
Enrike Arzubiaga artista bermeotarrak landutako artelana da teila hori, «bermeotar batek besteari egindakoa, berezia». Basterretxeak herrian utzi duen ondarea eskertu nahi izan dio Bermeok, «benetako altxor bat dugu- lako herrian». Bidegurenen esanetan, «bere lanak oso abangoardistak dira, baina, era berean, presente daude beti bere sustraiak».
Era berean, Basterretxeagaz zuen harreman pertsonala ekarri zuen gogora Bidegurenek, eta haren «eskuzabaltasuna, espiritu gaztea eta sormena» nabarmendu zituen: «Azken momentura arte ilusioz betea zegoen, gainera». Bermeoko seme kutuna «beti bihotzean» izango dutela esan zuen Bidegurenek, eta «nahiz eta bera ez egon, herrian zehar dauden bere lanak dituztela» aipatu zuen. Horiek ezagutzera emateko, gainera, udalak gida bat argitaratu berri du. Horretan Basterretxetxearen lanen kokapenen berri ematen da, ibilbide baten bitartez.
Amaia Artetxek aurkeztu zuen ekitaldian Nestor Basterretxea zenari buruzko bideo bat proiektatu zuten. Jose Angel Irigarai poeta eta idazleak Basterretxearen omenez idatzitakoa irakurri zuten ekitaldian, eta dantzariek ohorezko aurreskua eskaini zioten. Txalapartariek, txistulariek eta Izaro eta Bermeo abesbatzek ere parte hartu zuten.
Inaugurazio sinbolikoa
Jon Gofinondo Basterretxearen txikitako lagunak, bestalde, elkarregaz bizi izandakoak ekarri zituen gogora, eta Jon Lopategik bertso batzuk eskaini zizkion bere laguna izandakoari. Katrin Alberdi artistaren lana zaharberritu eta katalogatu duen pertsonak Basterretxeak zuen sortzeko gaitasuna eta eskuzabaltasuna nabarmendu zituen. Ana Tere Bengoetxea, Joni Unanue eta Aingeru Astui zinegotziek, berriz, Basterretxearen Zuberoako lagunek ekitaldirako beren beregi egindako bertsoak bota zituzten. Eleizalde ikastolak ere opari bat eskaini zion Basterretxearen familiari.
Kasinoko ekitaldia amaituta, Lamera parkean bildu ziren parte hartzaileak, Euskal Kosmogonia izeneko parke eskultorikoaren inaugurazio sinbolikoa egiteko. Bermeoko alkateak eta Nestor Basterretxearen familiak zinta ebaki zuten, omenaldiari amaiera emanez.
Bermeoko seme kutunaren familiako kideek eskerrak eman zizkieten herritarrei, «agertutako prestutasunagatik». Basterretxearen ilusiorik handiena bere lana ezagutzera ematea zela gogorarazi zuen bere alabak.