Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz, ‘Erdibana’-n
Txalo ekoizpen etxeak Jordi Sanchez eta Pep Anton katalanek idatzitako
Erdibana antzezlana taularatuko du gaur bertan, euskaraz, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Umore beltzak zipriztindutako komedia horretan, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean ariko dira bi aktore ezagun: Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza.
Enbolia eta gripeak jota azkenetan den ama eta haren bi semeak dira antzezlanaren muina. 50 urte inguru dauzka seme nagusiak. Enpresa hondoa jotzeko arriskuan dauka, eta erretiroa hartzeko garaia gero eta urrutiago ikusten du. 42 urtekoa da gazteena, eta hark zaintzen du ama, bainatu, orraztu… eta ia akabatu. Banku libreta asko daude, baina diru gutxi aurreztuta, eta etxea hainbat arinen saldu behar da.
Testuinguru horretan, amaigabeko gau batean ezkutuan gordetako sekretuak azaleratzen hasten dira. “Juan, uste dut ama ez dudala maite”, esaten dio Carlosek anaiari. “Ba, aizu, sendatzen bada…”, erantzuten dio Juanek. Eta ez dutenez ama sendatzerik nahi, hari laguntzeko moduak pentsatzen hasten dira anaiak, amari bultzadatxo bat emateko. Elementu gehiago ere azalduko dira: soka bat, lanpara bat eta leihoak zabal-zabalik negu gorrian, kuxin bat eta ogi-mami apurrak…
20:30ean izango da saioa, eta 12 euro balioko du sarrerak; Lizeo Antzokiaren Lagun txartela dutenen kasuan, 9 euro.