Ekonomia Urdina ezagutzera emango du Gunter Pauli ekonomistak
Posible den eredu ekonomiko berri baten ikuspuntua hurbiltzea izango da Azaro Fundazioak antolatu duen jardunaldiaren helburua. Martxoaren 26an izango da jardunaldiaEmprender en Blue Economy izenagaz, Azaro Fundazioak jardunaldi bat antolatu du martxoa...
Posible den eredu ekonomiko berri baten ikuspuntua hurbiltzea izango da Azaro Fundazioak antolatu duen jardunaldiaren helburua. Martxoaren 26an izango da jardunaldia
Emprender en Blue Economy izenagaz, Azaro Fundazioak jardunaldi bat antolatu du martxoaren 26an Markina-Xemeinen. Gunter Pauli ekonomia urdinean aditua izango da hizlaria, eta metodologia hori ezarrita lortutako kasu arrakastatsuen inguruan hitz egingo du.Ainara Basurko Azaro Fundazioko eta Leartibai Garapen Agentziako zuzendariak emango dio hasiera ekitaldiari. Ekonomia Urdina kontzeptu berritzailearen inguruan Azarok egindako apustua berretsi eta estrategia horregaz egindako lanak Lea-Artibai eskualdera ekarri ditzakeen abantailak azpimarratuko ditu Basurkok bere hitzaldian.
09:00etan hasiko da jardunaldia Esperantza eraikineko areto nagusian, eta 13:30ak aldera amaituko da.
Jardunaldia eskualdeko enpresa, erakunde, eta ekintzaileei zuzenduta badago ere, gaia interesatzen zaion edozeinek parte hartu dezake. Hala ere, sarrera mugatua dela jakitera eman dute antolatzaileek; hortaz, jardunaldira etorri nahi duenak izena eman behar du, www.azarofundazioa.com web atarian.
Elkarlanean
Gunter Pauli ekonomista Nazio Batuen aholkularia eta Turineko Politeknikoko irakaslea ere bada. Zero Emissions, Research & Initiatives Fundazioaren sortzailea eta Ekonomia Urdinaren inguruan oinarritutako metodologiaren defendatzaile sutsua da. 30 hizkuntza baino gehiagotara itzulitako La Economia Azul liburua berea da.
Azken bi urteetan, Gunter Pauli hainbat aldiz etorri da Lea-Artibai eskualdera, Azaro Fundazioagaz lan egitera. Ekonomia Urdina eta Diseinu Sistemikoan oinarrituta balio erantsia duten eskualdeko enpresa proiektu jasangarriak definitu ditu, eta eskualdean enplegua sortzeko planteamentu ezberdin eta berritzaileak ekarri ditu.
Horrez gain, bere bisitaldietan alegietan oinarritzen den hezkuntza metodologia berri bat ere aurkeztu du eskualdeko ikastetxeetako arduradunen artean. Izan ere, Gunter Paulik 36 alegia sortu ditu ikasketa erreminta sorta bat garatuz, umeek oinarrizko beharrizanei irtenbidea aurkitu diezaieten. Hamazazpi milioi kopia baino gehiago banatu dira mundu guztian, eta bere ipuinetako batzuk 100 hizkuntza baino gehiagotan itzulita daude. Alegia horietako batzuk euskarara ere itzultzeko prozesuan daude, izan ere, Lea-Artibain oinarritutako bi alegia kaleratuko dira epe laburrean Gunter Pauliren eskutik.