Nestor Basterretxea artista bermeotarra omenduko dute zapatuan
Bermeotartasuna ezpainetan eta bihotzean eraman zuen beti Nestor Basterretxea artista bermeotarrak. Bermeoren seme kutuna 2014ko uztailaren 12an hil zen. Herriak Nestor Basterretxea izango du gogoan zapatuan, eta horretarako, ekitaldi “polita eta hunkigarria” antolatu dute. Idurre Bideguren alkatearen esanetan, “ezinbestekoa da Basterretxea omentzea, Bermeko herriarekiko agertu zuen eskuzabaltasuna eskertzeko”.
Zapatukoa herriak Basterretxeari egingo dion omenaldia izango dela nabarmendu du Bermeoko Kultura zinegotzi Aingeru Astuik. Haren esanetan, “asko izan dira omenaldi hori egiteko interesa agertu duten herritarrak eta elkarteak”. Hala, 12:00etan hasiko da artista bermeotarra gogoan izateko antolatu duten omenaldia. Ekitaldia Bermeoko Kasinoan izango da; areto nagusian, hain zuzen ere.
Bermeoko herritar eta talde askoren parte hartzea izango da: txistulariak, txalapartariak, gaiteroak, dantzariak, Bermeoko Abesbatza, Izaro Abesbatza… Bestalde, Basterretxeari buruzko adierazpenak egingo dituzten zenbait lagun ere izango dira. Hala, txikitan bere lagun izandako batek berba egingo du, Bermeoko eta kanpoko lagunek parte hartuko dute, eta, azkenik, artistak egindako lanen inguruko gainbegiratzea ere egingo dute. Haren “bermeotartasuna” nabarmendu gura dutela azaldu dute antolatzaileek.
Kasinoko areto nagusian egingo duten ekitaldia amaitu ostean, Lamera parkean bilduko dira, Euskal Kosmogonia Nestor Basterretxearen eskultura multzoaren aurrean, artista bermeotarrak udalerrian zehar duen parke eskultorikoaren inaugurazio sinbolikoa egingo baitute. Izan ere, asko dira udalerriko txoko desberdinetan aurki daitezkeen “bermeotar unibertsalenaren” lanak: Euskal Kosmogonia, Hilargi amandrearen mamuak, Hilarriak, Olatua, Benito Barruetaren omenezko monumentua, Matxitxakoko bataila eta Lurdeia.
Nestorren “altxorra”
Bermeoko alkateak adierazi duenez, “Bermeo da artista bermeotarraren artelan gehien dituen herria”. Modu horretan, Nestorren “altxor bat” du Bermeok, eta altxor hori “munduari erakutsi” gura diote.
Era berean, Basterretxeak bere obra “mundu osoan zehar” zabaldu zuela gogorarazi dute, eta “zabalkunde horretan Bermeoko herriaren erakusleiho ezin hobea izan zela” dio Bidegurenek: “Ahal izan zuen guztia eman zion Bermeoko herriari”.
Bere jaioterriarekin harreman estua izan zuen beti Basterretxeak, eta “beti gogoan” izango dutela jakinarazi dute. Bermeoko alkatearen hitzetan, “orain, nahiz eta ez egon gure artean, bere lanak ditugu, eta horien bitartez beti gogoratuko dugu Nestor. Artista oso ona izan zen, eta artista baino pertsona hobea”.
Arrantzaleen Museoak ere bat egin gura izan du omenaldiarekin, eta zapatuan Nestor Basterretxeak zuzendutako Ama Lur dokumentala eskainiko du, 17:30ean, museoan bertan. Ez da aurretiazko erreserbarik egin beharko.