IA Sport Event-ek, Urdaitri Triatloi Taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta, nazioarteko duatloia hartuko du asteburu honetan Gernika-Lumok.
Hogeigarren proba izango da zapatukoa, eta aurrekoetan bezala, parte hartzea handia esperoko da herrian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko zirkuiturako zazpigarren proba puntuagarria izango da bertokoa.
Parte hartzaileek distantzia motzean lehiatuko dira; alegia, 10 kilometro korrika egin beharko dituzte, beste 40,7 kilometro bizikletan eta azken 5 kilometroak berriz ere korrika eginez burutu beharko dituzte.
16:00etan emango diote hasiera emakumezkoen saioari, eta bost minutura aterako dira gizonezkoak. Hasi bezain pronto, Gernika-Lumoko kaleetatik lau itzuli egin beharko dituzte hamar kilometroko distantziara ailegatu arte, eta, ostean, Urdaibaira zabalduko dute ibilbidea bizikleta gainean lehiatzeko. Azken bost kilometroak Batzar Etxearen eta Gernikako Arbolaren ingurutik lasterketa eginez burutu beharko dituzte parte hartzaileek.
Proban izena ematea
Proban parte hartzeko izena eman gura dutenek bihar 00:00etara arte izango dute horretarako aukera
www.triatloi.org webgunean. Atzora arte, 50 bat lagunek zuten izena emana.