Martillo kaiko pantalan berria
Bermeoko Arraun Elkarteko arraunlariek errazago dute orain batelak itsasora jaistea. Eusko Jaurlaritzak pantalan berri bat jarri du Martillo kaian. Jaurlaritzatik azaldutakoaren arabera, “Bermeoko Arraun Elkartekoei emango die zerbitzua, bereziki, haurren eta kadeteen mailakoei”.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok jakinarazi duenez, “Bermeoko etorkizuneko neska-mutil arraunlarien gurasoen eskaerari emandako erantzuna da pantalan berria”. Gurasoek “kezkatuta” zeudela dio Ruiz de Angulok, “arraunlariek batelak harrizko maldaxkatik jaitsi behar zituztelako”. Neguan harrizko maldaxkan pilatzen den lirdingak “irristatatzea eta erortzea” eragiten du, “eta batelak itsasora jaistea zaildu egiten du”.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak uretako jolas jarduerak bultzatu gura dituela azaldu dute, “arraunaren harrobia eutsi asmotan”. Horregatik, horiei erraztasunak eman asmoz, pantalan berria ezarri du Bermeon.
Pantalan berria, gainera, orain arte arraunlari gazteek erabiltzen zuten harrizko maldaxka baino leku irisgarriago batean kokatu dute. Hala, kokagune berrian, traineruak eroaten dituzten ibilgailuek errazago egin ditzakete maniobrak.
Bestalde, Jaurlaritzatik azaldutakoaren arabera, Bermeoko Arrantzaleen Kofradiarekin lortutako hitzarmenari esker kokatu da Martillo kaian pantalana: “izotzaz hornitzeko ditxoa erabiliko baitute pantalanaren erabiltzaileek”.
UVA izpietatik babestuta
Pantalan berria zuraren itxura duen zoladuraz estali dute. UVA izpietatik babestutako plastikozko moldez egin dute. Pantalanak hainbat ezaugarri ditu: aldezintasun estetikoa, ez da elektrizitate estatikoa pilatzen, itsaspen-maila handia eta ez du irristatzen. Gainera, erraz garbi daitekeela azaldu dute Jaurlaritzatik eta “bakterien erasoen aurreko inmunitatea du”.
Pantalan berria erabilgarri badago ere, oraindik ere, azken ukituen faltan dago. Izan ere, ate bat jartzea aurreikusi dute “sarbidea kontrolatu ahal izateko”. Jakinarazi dutenez, 60.000 euro inguruko inbertsioa egin du Jaurlaritzak pantalan berria ezartzeko.