Urdaibai Kopako bigarren proba jokatuko dute datorren asteburuan inguruko hainbat korrikalarik. Muxikako Ibarruri auzoan lehiatu zuten hilaren 8an lehenengoa, eta, hiru aste geroago Ereñon bilduko dira kirolariak. Lasterka ez ezik, oinez ere egin ahal izango dute antolatzaileek prestatutako ibilbidea.
Laugarren mendi martxa izango da martxoaren 21ekoa, eta interesatuek aurretiaz izena emateko aukera izango dute. Batetik, Internet bidez egin ahalko da inskripzioa
www.erenomendimartxa.blogspot.com helbidean domekara bitartean, eta, bestetik, zapatuan Ereñozar Tabernan eta domekan Arita Berri jatetxean eman ahalko da izena, 12:00etatik 14:00etara.
Hilaren 29ko izena ematea
Hala ere, egunean bertan ere izango dute parte hartu nahi dutenek inskripizioa egiteko aukera; lasterketako eta martxa luzeko parte hartzaileek Arita Berri jatetxean eta martxa laburrekoek Ereñoko Eleizalde auzoan. Guztiek eman ahalko dute izena irteera ordua baino ordu bete eta erdi lehenago.
Oinez egin nahi dutenek ibilbide luzearen eta laburraren artean aukeratu beharko dute: laburrak 11 kilometro izango ditu eta 10:00etan hasiko da; luzea, berriz, 21 kilometrokoa izango da, eta 08:30ean ekingo diote horri. Lasterketak martxa luzearen distantzia bera izango du.