Ibon Iparragirre Alcala Mecoko 5. modulura aldatu dute berriro
Azaroaren bukaeran jipoia jaso zuen modulu berera aldatu dute ondarrutarra. Presoa etxeratzeko eskatzen duen gutun bidalketa masiboak aurrera jarraitzen du hainbat herritanIbon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrak kartzelan bizi duen egoerak...
Azaroaren bukaeran jipoia jaso zuen modulu berera aldatu dute ondarrutarra. Presoa etxeratzeko eskatzen duen gutun bidalketa masiboak aurrera jarraitzen du hainbat herritan
Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrak kartzelan bizi duen egoerak okerrera egin duela adierazi du Iparra Galdu Baik plataformak. Presoak amari egindako dei batean bere moduluan aldaketak egon direla jakitera eman du.Presoaren arabera, «garbiketa» antzeko bat egiten ari dira bere inguruan. «Ibonegaz batera Alcala Mecoko 6. moduluan zeuden preso guztiak beste modulu batzuetara eraman dituzte, eta bera ere moduluz aldatu dute. Preso sozialekin batera 5. modulura eraman dute berriro», azpimarratu dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek.
Hain zuzen ere, azaroaren bukaeran 5. moduluan zegoela beste bi preso sozialek jipoitu egin zuten ondarrutarra, eta ordutik hona Madrilgo presondegiko 6. moduluan egon da.
Osasungarritasun barik
Plataformak jakitera eman duenez, gainera, ziega «zikin-zikin» batean sartu dute, eta hori arriskutsua izan daiteke bere osasun egoerarentzat.
Ondarrutarrak, beste patologia batzuen artean, Hiesa dauka C estadioan. «Jakin badakigu eta badakite espetxezainek beraiek ere Ibonek daukan gaixotasunagaz infekziorik txikienak ere ondorio oso latzak ekarri ahal dizkiola. Hori nahi ote dute? Ibon heriotzara eraman nahi al dute? Ibon nola darabilten ikusita, hori esan daiteke».
Atxikimenduak gehitzen
Beste alde batetik, otsailaren 5ean egin behar zuen deklarazioa elurteengatik atzeratu eta gero, Madril inguruko epaitegi batean deklaratzera eraman zuten aurreko astean. Plataformak agertu duenaren arabera, duela urtebete inguru Basauriko kartzelan jasandako jipoi baten harira deklaratu zuen, eta gertaera haren inguruko epaiketa laster hasi daiteke Bilboko auzitegian.
Iparragirre etxeratzeko eskatzen duen gutun bidalketa masiboak ere aurrera jarraitzen du, eta Ondarroako presoarekiko elkartasun adierazpenak asko izan direla nabarmendu dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek.
Euskal Herriko hainbat txokotan ez eze, euskal mugetatik kanpo ere elkartasun adierazpenak asko izan dira, denak ere ondarrutarraren lagunek abiatuta hasi dira. «Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan atxikimendu ugari jaso dira. Irunen, esate baterako, 200 gutun bidali dituzte. Ekimen horiek guztiak Ibonen lagunek jarri dituzte martxan. Azken egunotan Ibonekiko elkartasuna adieraziz leku ezberdinetara gutun zein telegramak bidaltzen ibili zaretenoi eta ari zaretenoi, eskerrak eman nahi dizkizuegu Ibonen beraren, bere senide eta lagunen partez».
Ondarroan 518 atxikimendu jaso dituzte dagoeneko, eta Mutrikun 40 batu dira. Bi herrietan jasotako gutunak batera bidaltzeko asmoa agertu dute.
Sinadura kanpaina martxoaren 28an amaituko da, Ibon eta gainontzeko gaixo larriak, berandu baino lehen etxera lelopean Ondarroan egingo den manifestazioaren egun berean.