Birziklatze tasak goraka jarraitzen du Mundakan
Mundakako alkate Aitor Egurrak herritarrak zoriondu gura ditu «ingurumenarekiko agertzen duten konpromisoagatik». Izan ere, iaz birziklatze markak gainditu zituzten: paperaren, beiraren eta ontzien 188.040 kilo hondakin birziklatu zituzten, eta erabi...
Mundakako Udalak hondakinen kudeaketa jasangarriaren alde egin duela dio alkateak, bilketarako zerbitzuak eta azpiegiturak hobetuta: «Guk tresnak eta baliabideak herritarren esku jartzen ditugu, eta kontzientzia indartzen dugu. Hala ere, ondoren, herritarrak izan dira erantzukizunez erantzun eta egune- rokoan praktikan jarri dutenak».
2014an mundakarrak birziklatu zituzten 188.040 kiloak, hondakin arrunten modura kudeatu izan balira, 13.144,96 euroko gastua zitekeen udalarentzat. Birziklatutako material bilketaren zerbitzuek, baina, «ez dute gastu handiagoa suposatzen, nahiz eta kopurua handiagoa izan». Gainera, birziklatutako paper eta beira kilo bakoitzeko, udalak dirua jasotzen duela jakinarazi du Egurrolak.
Olioa batzeko joera ona
Bestalde, herritarrek etxeetan erabilitako olioa batzeko duten joera «positiboa» nabarmendu dute udaletik: «Olio litro batek 1.000 litro ur kutsatzen dituela kontuan hartuta, Mundakak 3.871.000 litro ur ez kutsatzea lortu du».
Kudeaketa jasangarrian pauso bat gehiago emanez, pilak batzeko puntu berriak jarri dituzte. Herrian puntu bakar bat izatetik hiru izatera pasatu dira: Errekan, Islakale kiroldegian eta Goiko kalean. 2014an, Mundakan, 230 kilo pila birziklatu zirela azaldu dute.
Iaz, bestalde, arropak eta etxetresna txikiak batzeko bi edukiontzi jarri zituzten, «hondakin mota ezberdinen birziklapena errazteko». Bañutegi kalean eta mediku kontsultaren aurreko biribilgunean aurki daitezke edukiontzi horiek. Urtean 14.665 kilo batu dituzte horietatik.
Egunean, 1,19 kilo zabor
Mundakako Udalak jakinarazi duenez, hondakin arruntetan nabaritu duten murrizketa bat dator birziklatutako kantitatearen igoeragaz. 2014an, 848.919 kilo zabor batu zituzten. 2006. urtean, pertsona bakoitzak batez besteko 1,51 kilo zabor sortzen zituen egunean; 2014an, berriz, 1,19 kilo sortzea lortu da.
Datuok ingurumenerako «onak» izateaz gain, zabor gutxiago batzeak aurreztea ere badakarrela esan du alkateak: «Zaborra zabortegietan tratatzeko, udalak zabor tonako 69,92 euro ordaindu behar ditu. Aurrezte horrek zerbitzu eta azpiegituretan beste beharrizan batzuk bete ahal izatea ahalbidetzen du, herriko bizi kalitatea hobetuz», nabarmentzen du.