Osasunsarea abiatu gura dute
Bermeoren egoera zein den ezagutzeko diagnostiko bat egiten ari dira lehendabizi, ondoren beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzeko. Ekimen parte hartzailea da«Herri osasuntsuagoa lortzea» helburu duen Osasunsarea martxan jarri gura dute Bermeon. ...
Bermeoren egoera zein den ezagutzeko diagnostiko bat egiten ari dira lehendabizi, ondoren beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzeko. Ekimen parte hartzailea da
«Herri osasuntsuagoa lortzea» helburu duen Osasunsarea martxan jarri gura dute Bermeon. Hala, Bermeoko Udala eta Osakidetza elkarrekin lanean ari dira. Ekimen parte hartzaile bat da Osasunsarea, bere baitan komunitateko sektore guztiak biltzen dituena.Bermeoren egoera zein den ezagutzeko diagnostiko bat egiten ari direla azaldu zuen atzoko agerraldian Josu Unanue alkateordeak: «Osasunaren inguruan diharduten agente guztiak harremanetan jarri dira, euren indarrak metatzeko eta eraginkortasuna biderkatzeko». Herriaren egoera zein den ezagutu ostean, ekintza ezberdinak abiaraztea da xedea.
Orain arte egindakoa, baina, gizarteratu egin behar dutela esan dute: «Gizartea proiektu honetan inplikatu behar da. Gure ustez, baldintza garrantzitsua da herritarrek euren osasunaren kudeaketan parte hartzea». Horretarako, datorren martitzenean, martxoaren 24an, bilera bat egingo dute. 19:00etan jarri dute hitzordua, Gizarte eta Kultura Etxean. Batez ere, bilera informatiboa izango dela azaldu dute; Osasunsarearen helburuak eta egin beharrekoak azalduko dituzte. Unanueren arabera, «guztien artean zenbait arau eta lanerako dinamika bat ezarri beharko ditugu». Zenbat eta parte hartze handiagoa izan, proiektua «are aberasgarriagoa» izango dela iritzita, herritarrei eta elkarte eta agente guztiei bilerara joateko deia egin diete, «osasuna guztion gauza delako».
«Oso positiboa»
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen ustez, herritarrentzat «oso positiboa» izango da Osasunsarea martxan jartzea. Izan ere, osasuna modu zabalean lantzen ari direla nabarmendu du, «helduak, gazteak, kirola, drogamenpekotasuna, mugikortasuna, irisgarritasuna, emakumeak… Egoera edota baldintza horiek guztiek gure osasunean eragin zuzena dute. Horregatik, garrantzitsua da egoera zein den ezagutzea, horiei erantzunak eman ahal izateko».