Nahia Quincocesek 7. postuan amaitu du Pierra Mentako proba
Nahia Quincoces mendexarrak Areches Beaufort-en (Frantzia) lehiatu den Pierra Menta lasterketa ezagunean parte hartu du, Marta Garcia Farres kataluniarragaz batera. Bikotea ondo baino hobeto konpondu da martxoaren 11tik 14ra lehiatu den txapelketan, et...
30 urte bete ditu lasterketak, eta urteurren berezi horren harira formatua aldatu dute: lau etapatan banatuta lehiatu da. Hala ere, urtero modura, lasterketaren ibilbidea zaila izan da. Ikusgarria eta erabat teknikoa izan dela nabarmendu dute eskiatzaileek; ordu gutxitan 2.500 metrotik gorako maldak gainditu behar izan dituzte, igoera aldapatsu eta jaitsiera azkar eta zailekin.
Atsedenik gabe eta erritmo aldaketa handiagaz, lau egunetan 100 kilometrotik gora eta 10.000 metroko malda positiboak gainditu behar izan dituzte. Lau etapak amaitzeko, 13 ordu, 25 minutu eta 16 segundo behar izan dituzte Quincocesek eta Garciak. «Oso nekatuta» baina pozik amaitu du mendexarrak bere lehenengo Pierra Mentako proba.
Ondo konpondu dira
Eguaztenean egin zuten erlojuaren aurkako lehen etapa «motza eta ikusgarria» izan zen. Mendexarra eta kataluniarra ondo konpondu ziren, eta «pozik eta gustura» amaitu zuten 6. postuan; ordubete, 41 minutu eta 57 segundo behar izan zituzten.
Egueneko etapa «gogorra» iruditu zitzaion Quincocesi. 3 ordu, 46 minutu eta 42 segundo denboragaz, 7. helmugaratu ziren.
Barikuko etapan gogor aritu zen Quincoces, baina oinak erabat minduta amaitu zuen azkenaurreko etapa. 4 ordu, 13 minutu eta 7 segundoko denboragaz, 7. amaitu zuen bikoteak.
Etaparik ikusgarriena eta garrantzitsuena zapatukoa izan zen. Grande Monteko (2.380 metro) helmugan 5.000 pertsonatik gora izan zituzten animatzen parte hartzaileek. 3 ordu, 43 minutu eta 30 segundoko denboragaz, 8. amaitu zuten azken etapa.