Giroa berotzen hasi da Korrika
Euskararen aldeko lasterketa hasi bitartean, Korrika Kulturalak falta diren egunak girotuko ditu Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean.Euskararen aldeko lasterketa hasteko bi egunen faltan, Korrika motorrak berotzen hasi dira Lea-Artibain, Mutrikun ...
Euskararen aldeko lasterketa hasi bitartean, Korrika Kulturalak falta diren egunak girotuko ditu Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean.
Euskararen aldeko lasterketa hasteko bi egunen faltan, Korrika motorrak berotzen hasi dira Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean.Etzi hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du Korrikak hemeretzigarren aldiz. Bilbora heldu bitartean, han eta hemengo euskal herritarrak lekukoa pasatzen joango dira eskuz esku; 2.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte euskararen alde, gau eta egun gelditu gabe.
Busturialdeko herritarrek, esate baterako, Urepelen bertan Korrikari ongietorria emateko aukera izango dute. Hain zuzen ere, iparraldeko herrira AEK-ko kideek autobusa antolatu dute. Izena emateko gernika@aek.org helbide elektronikora idatzi edo 607 143 952 telefonora deitu daiteke.
Bermeoko San Martingo autobus geralekutik 08:30ean irtengo du autobusak, eta ostean, 09:00etan, Gernika-Lumoko Saraspen egingo du geldialdia hango herritarrak ere jasotzeko.
Korrikaren atarian eta Korrika bukatu arte, Korrika Kulturalaren azken emanaldiak egiten ari dira Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean.
Aurreko asteburuan, esate baterako, Mutrikuko hainbat ekimen egin dira Korrikaren alde. Barikuan Gaztetxean egin ziren kontzertuek aretoa bete-bete egin zuten. Elizondoko Kaskezur taldeak eta herriko Auskan taldeak bariku gaua girotu zuten. Auskan taldeak, gainera, bere lehenengo kontzertua eskaini zuen; Mutrikuko Rock Kolektiboko neskek hainbat euskal musika taldeen kantak bertsionatu zituzten, eta giro ederra ipini zuten.
Asteburuari begira, hainbat ekimen antolatu dira. Antzerkiak, kantujira, laburbira, antzerkiak…, denak ere giro ezin hobean. Ondarroan, esate baterako, kantu bazkaria egingo dute zapatuan. Sarrerak salgai daude Beikozinan eta euskaltegietan, 25 euroren truke.
Bermeon, aldiz, Dejabu Panpin laborategiaren eskutik, Arrastoak antzezlana eskainiko dute. Sarrerak salgai daude Gizarte eta Kultura etxean eta Kutxabankeko kutxazainetan, 6 eurotan.
Kilometroen zozketa
Herri askotan taldeek eta eragileek egingo dituzten kilometroak banatuta baldin badaude ere, Ondarroan gaur zozkatuko dituzte kilometroak eta dortsalak, 19:00etatik aurrera, udal erakusketa aretoan dagoen Korrika dendan bertan.
Gernika-Lumoko Berbalagun kideek egindako oheko tapakiaren zozketaren zenbaki saritua 0297 da. Hilabeteko epea izango du irabazleak argertzeko, eta horretarako Berbalagun kideekin jarri beharko da harremanetan. Ordezko zenbakia hurrengoa da: 2415.
Korrikaren materiala erosi nahi dutenek ere, martxoaren 23ra arte zabalik izango dituzte Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeingo dendak. Era berean, domekan, eguerdi aldean, Aulestiko plazan materiala eskuratzeko aukera egongo da.
19. Korrikarekin batera, herri zein auzoetan umeak ere protagonista bihurtuko dira; txikienek ere tipi-tapa, tipi tapa euskararen aldeko oihuak zabaltzeko aukera izango dute.
Datozen egunotan, AEK-k ikastolekin zein eskolekin elkarlanean antolatuko dituzten Korrika Txikiak egingo dira bertoko herri gehienetan.
Herriko txikienek ere euskalgintzaren alde Euskahaldundu mezua zabaltzeko aukera izango dute, metroz metro, herriko txokoetan zehar.