Azalpenak emateko bilera informatiboa egingo dute datorren martitzenean, hilaren 24an, 19:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean

Udaleko, Bermeoko osasun etxeko eta osakidetzako ordezkariak gaur Gizarte eta Kultura Etxean egindako aurkezpenean
«Herri osasuntsuagoa lortzea» helburu duen osasun sarea martxan jarri gura dute Bermeon. Hala, Bermeoko Udala eta Osakidetza elkarrekin lanean ari dira. Ekimen parte hartzaile bat da osasun sarea, komunitateko sektore guztiak biltzen ditu bere baitan.
Bermeoren egoera zein den ezagutzeko diagnostiko bat egiten ari direla azaldu du gaurko agerraldian Josu Unanue alkateordeak: «osasunaren inguruan diharduten agente guztiak harremanetan jarri dira, euren indarrak metatu eta eraginkortasuna biderkatzeko». Herriaren egoera zein den ezagutu ostean, ekintza ezberdinak abiaraztea da xedea.
Orain arte egindakoa, baina, gizarteratu egin behar dutela esan dute: «gizartea proiektu honetan inplikatu behar da. Gure ustez, baldintza garrantzitsua da herritarrek euren osasunaren kudeaketan parte hartzea». Horretarako, datorren martitzenean, martxoaren 24an, osasun bilera bat egingo dute. 19:00etan jarri dute hitzordua Gizarte eta Kultura Etxean. Batez ere, bilera informatiboa izango dela azaldu dute, osasun sarearen helburuak eta egin beharrekoak azalduko dituzte. Unanueren arabera, «guztien artean zenbait arau eta lanerako dinamika bat ezarri beharko ditugu». Zenbat eta parte hartze handiagoa izan, proiektua «are eta aberasgarria» izango dela iritzita, herritarrei eta elkarte eta agente guztiei bilerara joateko deia egin diete, «osasuna guztion gauza delako».
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen ustez, herritarrentzat «oso positiboa» izango da osasun sarea martxan jartzea. Izan ere, osasuna modu zabalean lantzen ari direla nabarmendu du, «helduak, gazteak, kirola, drogamenpekotasuna, mugikortasuna, irisgarritasuna, emakumeak… Egoera edota baldintza horiek guztiak gure osasunean eragin zuzena dute. Horregatik, garrantzitsua da egoera zein den ezagutzea, horiei gero, erantzunak eman ahal izateko».