Pierra Mentako proban 6. eta 7. postuak lortu ditu Quincocesek
Bihar arte, Pierra Mentako 30. lasterketa klasikoan parte hartuko du Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarrak. Munduko kopako proba puntuagarri horrek lau etapa ditu, eta orain arte egin diren lehen bi etapetan seigarren eta zazpigarren amaitu du mendex...
Herenegun, lehen etapan, besteak beste, Col de la Bathie (2039 metro) igo behar izan zuten. Bikotea lasterketan ondo konpondu zen, eta gustura amaitu zuten etapa. Seigarren postuan helmugaratu ziren; ordubete, 41 minutu eta 57 segundoko denboragaz. Axelle Mollaret eta Emelie Forsberg irabazleek baino 10 minutu eta 49 segundo gehiago behar izan zituzten proba amaitzeko.
Eskiatzaile mendexarraren esanetan, jaitsiera tekniko asko izan zituzten. Oro har, ondo ibili ziren, eguraldi onagaz.
Atzoko etapan, ostera, 2.000 metrotik gorako altuera duten lau mendi tontor igo zituzten. Zazpigarren amaitu zuten, 3 ordu, 46 minutu eta 42 segundoko denboragaz. Laetitia Roux eta Mireia Miro irabazleek baino ordu erdi gehiago behar izan zuten helmugara heltzeko.
Aurten, bai
Pierra Mentan parte hartzea eskiatzaile modura beti izan duen ametsa dela nabarmendu du Quincocesek, eta aurten estrainekoz parte hartu du. «Ilusio handiagaz» joan da Beautfort-eko (Frantzia) eski estaziora. Iaz, esaterako, bertaraino joan, eta txapelketan parte hartu gabe bueltatu behar izan zuen.
Gaurko etapan bederatzi gailur igo beharko dituzte. Eskiatzaileen arabera, alabaina, etaparik ikusgarriena biharkoa izango da.