
Foruko Udalak 1.080.232 euroko aurrekontua onartu du azken osoko bilkuran. Foruko alkate Jane Eyre Urkietak azadutakoaren arabera, «aurtengo kudeaketa planean, herritarren beharrizanak eta horiei zuzendutako zerbitzuak dira nagusi. Izan ere, udal gobernuaren oinarrizko helburua herriko bizi kalitatea hobetuz, aurrera egiteko giltzarriak eskaintzea da».
Hala, 2015eko udal aurrekontuetan familien eta bizilagunen beharrizanei erantzuteko zerbitzuak mantentzeko inbertsioak nabarmentzen dituzte. Zentsu horretan, «egungo egoera ekonomiko makala» kontuan izanik, beste urte batez, herrian beharrizana dutenei eskaintzen dieten laguntza ekonomikoa indartu egin dutela adierazi dute. Familia horiei laguntzeko partida 7.700 eurotik gorakoa izango da.
kultura eta kirola sustatu
Bestalde, herritar guztiei «kalitatezko kultur eta kirol zerbitzuak eskaintzeko» Gernika-Lumoko kiroldegirako, musika eskolarako zein euskara ikasteko diru laguntzak mantenduko ditu udalak. Horiekin batera, herriko kultur eta kirol elkarteentzako diru laguntzak ere mantendu egingo dituela jakinarazi du: «talde horiek burutzen duten dinamizazio lana eskertuz», diote udaletik.
Gainera, urtean zehar herrian antolatzen diren ikastaroetan parte hartzen duten herritarrak moduren batean saritu asmotan, hiruhilabete bakoitzeko hilabete bat ordaintzeko konpromisoa hartzen du Foruko Udalak.
Bestalde, Forua, Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria diseinatzeko lanetan ari da. Modu horretan, «herriaren garapen orekatua lortzeko eta foruarren egungo zein etorkizuneko beharrizanei erantzuteko», HAPO garatzeko abiarazi duten parte hartze prozesuari zuzendu diote aurtengo aurrekontuaren beste partida bat. Jakinarazi dutenez, epe laburrera, HAPO idazteko taldearen kontratazioa egitea aurreikusten da.
Argiztapena berritzen
Ingurumen jasangarritasunaren irizpideetan oinarritutako zerbitzuen azpiegiturak hobetzeari zuzendutako inbertsioak egitea ere aurreikusten dute. Esaterako, «legegintzaldiaren hasieran udalak hartutako konpromisoari erantzuna emateko», herriko argiak pixkanaka berritzen jarraituko dute. Aurton, batez ere, San Kristobal auzoko argiteria berriztea aurreikusten dute, 133.000 euroko inbertsioagaz.
Berritze lan horiek egiteko Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz diru laguntzak kudeatu dituzte. Hala, lanon zati bat diru laguntza horiekaz ordainduko dute, eta bestea, berriz, soberakinekaz.
Herriko irisgarritasuna bermatu aldera, bestalde, auzoetako bideak konpontzea ere aurreikusten dute, Santixene-Arrotxene bidea, esaterako; «euriteen ondorioz, hondatuta geratu da bidea eta lur jausiak ere izan dira gune horretan».
Bosgarren edukiontzia
Herriko birziklatze sistema ere hobetu gura duela iragarri du udalak. Hori dela eta, aurton, bosgarren edukiontzia ezartzeko inbertsioa egitea aurreikusten dute. «Birziklatze modu honek zabortegira bidaltzen den hondakin kopurua murriztea ahalbidetuko du. Era berean, materia organikoa aprobetxatu ahalko da ongarri modura», diote udaletik.
Bosgarren edukiontzia eta konposta egiteko sistemak ezartzeko aurrekontua 32.000 eurokoa dela jakinarazi dute udaletik, foru aldundiak %100 finantzatuko duela aipatuta.