Ugaitz Mugertza mutrikuarrak bigarren Urrezko Aizkora irabazi du
Mugertzak eta Atutxak «erraz» irabazi diete Rekondori eta Erasuni. Iazko irabazleek bikote nafarrak baino minutu 1 eta 39 segundo arinago amaitu dituzte lanakIazko irabazleek jantzi dute berriz ere Urrezko Aizkorako txapela. Ugaitz Mugertza eta Aitzo...
Mugertzak eta Atutxak «erraz» irabazi diete Rekondori eta Erasuni. Iazko irabazleek bikote nafarrak baino minutu 1 eta 39 segundo arinago amaitu dituzte lanak
Iazko irabazleek jantzi dute berriz ere Urrezko Aizkorako txapela. Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa XV. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako txapela bigarrenez janzteko faboritoak ziren, eta domekan Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatu zen finalean ez zuten hutsik egin.Mutrikuarrak eta dimoztarrak osatutako bikotea indartsu aritu zen, eta Jon Rekondori eta Ander Erasuni ez zien irabazteko aukera handirik utzi. Finalean, sei proba ezberdinetan banatuta, 16 enbor moztu behar izan zituen bikote bakoitzak. Irabazleek 25 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko; bikote nafarrak baino minutu 1 eta 39 segundo gutxiago.
Besaurreak gogortuta
Aizkolari mutrikuarra pozik eta gustura agertu da bigarren txapela eskuratu eta gero. Mugertzak adierazi duenez, «lehia estua» izan zen hasierako minutuetan, eta «kostata eta arazoren bat edo besterekin» hasi zuen. «Ez nintzen oso gorputzaldi onarekin hasi. Hasieretako lanetan besoak eta besaurreak gogortuta sumatu nituen. Finala aurrera joan ahala, eta hasierako tentsioa alde batera utzi eta gero, egoerari buelta eman nion».
Lehen probatik aurrea hartuta ibili ziren Mugertza eta Atutxa, eta segundoz segundo abantaila handitzen joan ziren. Egin ziren sei probetatik bostetan, aurkariak baino azkarrago ibili ziren. Lan erdiko azken probara 27 segundoko aldearekin heldu ziren.
Jokatutako probetatik zailena eta luzeena azkena izan zen. Denetara, zortzi enbor moztu behar izan zituzten: 45 ontzako bi enbor, kana-erdiko lau eta 60 ontzako bi. Alderik handiena hantxe lortu zuten, aurkariei minutu 1 eta 12 segundoko aldea ateraz. «Lehen bi enborretan parez joan ginen, baina gerokoan alde ederra ateratzea lortu genuen. Laugarren egurretik aurrera, gero eta handiagoa zen abantaila, eta irabazteko aukera gero eta hurbilago ikusten genuen. Horrek proba amaitzeko konfiantza handia eman zigun».