Gernikarren kontzientzia feminista piztera dator Asunek talde berria
Pertsonengan sinisten duen talde mistoa legez aurkeztu dute Asunek. Gernika-Lumoko eta gernikarren errealitatea islatu gura du, eta parte hartzeko deia egin duGernika-Lumoko Astran egin zuten domekan, martxoaren 8an, Asunek talde feministaren aurkezpen...
Pertsonengan sinisten duen talde mistoa legez aurkeztu dute Asunek. Gernika-Lumoko eta gernikarren errealitatea islatu gura du, eta parte hartzeko deia egin du
Gernika-Lumoko Astran egin zuten domekan, martxoaren 8an, Asunek talde feministaren aurkezpena.Aurkezpena berezia izan zen, gainera. Emarock-en film luzea ere ikusi ahal izan zuten aurkezpenean parte hartu zuten 60 bat lagunek, Gernikako Lekuek Festibalaren lehen eguna zela aprobetxatuta. Eta festibal horren harira Astran zegoen Ainara LeGardon musikariak ere parte hartu zuen Asunek taldearen aurkezpen ekitaldian, solasaldian.
Gernikarren kontzientzia feminista esnatzera datoz, «herri feminista batean bizi gura» dutelako. Gazte zein nagusi, 16 urtetik 60 urtera arteko pertsonak batzen ditu Asunek taldeak. Izan ere, pertsonengan sinisten dutela azaldu dute, eta taldea bera ere mistoa dela.
Gernikarrak batu gura dituzte, kultura, adin, jatorri eta kezka ezberdinak dituzten herritarrak; «azken batean, taldea bera Gernika-Lumon gaur egun bizi diren herritarren isla izatea gura dugu». Hori dela eta, taldera hurbiltzeko deia egin dute.
Hilabetero gai bat
Astran batzen dira, eta martxoaren 20an egingo dute hurrengo asanblada, 19:00etan. Martxan dira, eta dinamika baten barruan, gai ezberdinak lantzeko asmoa dute. «Martxoan, esaterako, emakumeak eta musika landuko dugu, Lekuek Festibalagaz bat eginez». Hurrengo hilean maitasun erromantikoaren gaia lantzeko asmoa dute. «Hilabete bakoitzeko lehen barikuan gaiagaz lotutako ekintzaren bat egingo dugu, gaia aurkezteko».
Azkura eman
Abenduan hasi ziren batzen , eta gaur egun hamabost bat lagun batzen dira. «Sistema patriarkalagaz ados ez gauden pertsonak gara, bakoitza bere motibazio eta arrazoiekin». Eta gizarte patriarkal horri azkura ematera datoz Asunek. «Izena aukeratzerakoan argi izan dugu ez genuela lili edo lore izan nahi. Asunak izan gura dugu, eta pika egin». Hala ere, asunak osasungarriak ere badirela azaldu dute taldekideek, ahalmen arazgarria ere badutela, alegia. «Hortik datorkigu izena».