Euskal ligan hiru txapel lortu dituzte bertoko puntistek
Zapatuan Euskal Herriko Kluben arteko txapelketako finalak jokatu zituzten Mutrikuko Danok Bat Pelotazale elkarteko gazte zein kadeteek eta Berriatuko ohorezko nagusi zein nagusiek, Mutrikun eta Donostian, hurrenez hurren.Ohorezko mailako Antxon Alberd...
Ohorezko mailako Antxon Alberdik eta Jon Arriolak ez zuten hutsik egin, eta 35-24 hartu zuten mendean Gasteizko bikotea.
Berriatuarrek txapelketa guztian ez dute partida bat bera ere galdu, eta irabazteko faboritoak ziren. Roberto Lekue entrenatzailearen esanetan, «partida ikusgarria» jokatu zuten, baina hasierako tantoak lortzeko arazoak izan zituzten. «Gureek urduri hasi zuten partida, eta lehenengo tantoak lortzea kostatu egin zen. Lau bat tantotan huts egin zuten, eta abantaila hartu ziguten gasteiztarrek. 2-7 galtzen hasi ginen, eta partidan sartzea kostatu egin zen. 16. tantoan biek berdintzea lortu zuten, eta orduz geroztik, tanto asko egiten hasi ginen, alde ederra lortuz».
Nagusiek jokatutako beste finalak, ordea, eskutik ihes egin zien Julen Iriondo Retolazari eta Txomin Bereziartuari. Donostiako Jai Alaiko Alberro anaien aurka 22-35 galdu zuten.
Alberro anaiak hasiera-hasieratik nagusi izan ziren, eta partida irabazteko garaian esperientziak berebiziko garrantzia izan zuen. «Retolazak eta Bereziartuak sekulako partida jokatu zuten, baina gazte mailatik igo berriak dira, eta aurkariek hainbat urte daramate maila honetan. Alberro anaiek hobeto jokatu dute. Indartsu irten dute, eta piloteoan ondo ibili dira. Oso gustura gaude lehen urtean finalean jokatzeko aukera izan dugulako», gaineratu du Lekuek.
Txapelak etxean geratu dira
Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatu ziren bi finaletako txapelak, aldiz, etxean geratu ziren.
Kadeteen kasuan, argi zegoen mutrikuarrek eraman behar zutela. Izan ere, Danok bateko bi bikotek, Ekaitzek eta Mikelek, Aitorren eta Xabierren aurka jokatu zuten. «Euskal Herriko Kluben arteko txapelketako finalera herriko bi talde finalera heltzea oso pozgarria eta positiboa izan da», azaldu du Jon Mendizabal Danok Bateko kideak.
30-17 irabazi zuten Ekaitzek eta Mikelek. Txapelketan jokatutako partida guztiak irabazi eta gero, finala irabazteko faboritoak ziren. «Estu hasi dute norgehiagoka, eta lehenengo zatian berdinduta ibili dira. Bigarren zatian partida apurtu eta Ekaitzek eta Mikelek aurrea hartzea lortu dute».
Gazte mailan, Jon Goenagak eta Aitor Andonegik osatutako bikoteak 35-29 irabazi zien zumaiarrei. «Partida estua izan da, eta ez da bide erraza izan 35 tantora heltzea. Bi bikoteak ere oso parekatuta ibili dira, eta hori jokoan igarri egin da».