Busturiko Udala Goiener kooperatibaren bazkide egin da
Energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko proiektu kooperatiboa da Goiener, subiranotasun energetikoa berreskuratzea dute helburu, hain zuzen ere. Busturian kontsumitzen duten energia jatorri berriztagarrietatik datorrela ziurtatu gura dute, et...
«Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezkoa». Goienerren helburua, hortaz, herritarrek oinarrizko ondasun horrekiko kontrola berreskuratzea da, «horren garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsua eta iraunkorra bultzatuta». Bestalde, Busturiko udal arduradunek diotenez, Goienerrek inguruko ekonomia hurbila bultzatzen du: «Irabazi asmorik gabeko kooperatiba soziala denez, sortu daitezkeen irabaziak ingurunean inbertitzen ditu». Hain zuzen, bazkideek erabakitzen dute batzarretan zertara bideratuko dituzten diru horiek.
Herri batzarra gaur
Goienerren beste helburuetako bat kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, «hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik-eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez», diote.
Herritar guztiak jakinaren gainean jarri gura ditu Busturiko Udalak. Horregatik, gaur, proiektu honen nondik norakoak azaltzeko herri batzarra egingo du. Altamira auzoko kultur etxean jarri dute hitzordua, 19:30ean.
Bestalde, udalak jakinarazi dutenez, «laster prozesu bat zabalduko da konpainia ezberdinek energia erosteko euren eskaintzak egin ditzaten». Baldintzetako bat, baina, eskaintza horiek «jatorri guztiz berriztagarria izan dezatela» izango da.