Taldearen aurkezpena
Gernika-Lumoko Astran egin zuten domekan, martxoaren 8an, Asunek talde feministaren aurkezpena. Aurkezpen berezia izan zen, gainera. XXY dokumentala proiektatzeaz gain, Emarock-en film luzea ere ikusi ahal izan zuten aurkezpenean parte hartu zuten 60 bat lagunek. Eta festibal horren harira Astran zegoen Ainara LeGardon musikariak ere parte hartu zuen Asunek taldearen aurkezpenenean, solasaldian.
Gernikarren kontzientzia feminista esnatzera datoz, «herri feminista batean bizi gura dugulako». Gazte zein nagusi, 16 urtetik 60 urtera arteko pertsonak batzen ditu Asunek taldeak. Izan ere, pertsonengan sinesten dutela azaldu dute, eta taldea bera ere mistoa dela.
Gernikarrak batu gura dituzte, kultura, adin, jatorri eta kezka ezberdinak dituzten herritarrak; «azken batean, taldea bera Gernika-Lumon gaur egun bizi diren herritarren islada izatea gura dugu». Hori dela eta, tañdera hurbiltzeko deia egin dute.
Hilabetero gai bat
Astran batzen dira, eta martxoaren 20an egingo dute hurrengo asanblea, 19:00etan. Martxan dira, eta dinamika baten barruan, gai ezberdinak lantzeko asmoa dute. «Martxoan, esaterako, emakumeak eta musika landuko dugu, Lekuek Festibalarekin bat eginez». Hurrengo hilean maitasun erromantikoaren gaia lantzeko asmoa dute. «Hilabete bakoitzeko lehen barikuan gaiarekin lotutako ekintzaren bat egingo dugu, gaia aurkezteko».
Hazkura eman
Abenduan hasi ziren batzen , eta gaur egun hamabost bat lagun batzen dira. «Sistema patriarkalarekin konforme ez gauden pertsonak gara, bakoitza bere motibazio eta arrazoiekin». Eta gizarte patriarkal horri hazkura ematera datoz Asunek. «Izena aukeratzerakoan argi izan dugu ez genuela lili edo lore izan nahi. Asunak izan gura dugu, eta pika egin». Hala ere, asunak osasungarriak ere badirela azaldu dute taldekideek, ahalmen depuratiboa ere badutela, alegia. «Hortik datorkigu izena».