Koldo Gezuraga gernikarra, erdian, Busturialdeko Bertsolari Txapelketan
Bertsozale Elkarteak eta AEK-k elkarlanean sustatu eta bideratutako Bertso Korrika Busturialdera iritsiko da bihar arratsaldean. Hala, Lilibertsok eta AEK-k antolatuta, lau bertsolariren saioa hartuko du Elai-Alai aretoak. Hain justu, Fredi Paia, Etxahun Lekue, Miren Amuriza eta Koldo Gezuraga gernikarra igoko dira Elai-Alai aretoko oholtza gainera. Saioa 19:30ean izango da, eta ez da sarrerarik ordaindu behar izango.
2013ko Korrikaren harira antolatu zuten lehenengo Bertso Korrika, euskararen aldeko lasterketa erraldoia girotzeko eta, batik bat, euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzeko. Helburu berdinekin, bigarren hau Hendaiatik abiatu zen otsailaren 11n, eta martxoan zehar ere herriz herri ibiliko da, eta, tartean, Markina-Xemeinera ere helduko da.
Denetara, 29 bertso-eskolak antolatutako saioetan 120 bertsolarik eta 30 gai-jartzailek parte hartuko dute. Azken horien lana izango da saioen aurretik euskaltegietan klase didaktikoak ematea, Gernika-Lumon joan den martitzenean egin zuten bezala.