Emozioz eta tentsioz bizitako partidaren ostean, play-off postuek ihes egin dietelakoan daude Gernika Bizkaiako neskak. Sailkapeneko laugarren postuan dagoen Cadi La Seu taldearen aurkako partida jokatu dute gernikarrek asteburuan, eta hiru puntuko aldeagatik, ez zuten garaipenik lortzerik izan. Hala, matematikoki oraindik play-offengatik borrokatzeko aukerak badituzten arren, agur esan diote horretarako «aukera errealei».
Gogor hasi zuten partida bertoko jokalariek, hirugarren minutuan 9-4 markagailuan jarrita. Lehenengo partida ere, markagailuan aurretik bukatu zuten gernikarrek: 23-21. 14. minuturako, baina, kanpokoak aurretik ziren: 27-29. Gernikarren borrokarako gogoak, hala ere, berdinketan jarri zuen Malosteko markagailua atsedenaldirako: 37-37.
Atsedenetik bueltan, gogortu egin zen norgehiagoka, titulurako play-offak jokoan zeuden eta. Lehia bizia bizi izan zuten Malosten, eta azken jaurtiketara arte hala izan zen. Markagailuan hiru puntuko aldeagaz atzetik ziren bertoko neskak. Izaskun Garcia horri buelta ematen saiatu zen hiruko jaurtiketa eginda. Norabide onean zihoan baloia, baina ez zen saskiratzerik gertatu. 64-67 bukatu zen partida, Gernika Bizkaiaren porrotagaz.
Gauzak horrela, Emakumeen Ligako sailkapenean laugarren postua bermatu du Cadi La Seu taldeak 35 puntugaz. Bertokoak, berriz, seigarren dira, bi puntu gutxiagogaz.