Ugaitz Mugertza bigarren Urrezko Aizkora lortzeko bidean da
Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak Urrezko Aizkoraren binakako finala jokatuko du etzi, Aitzol Atutxarekin batera, Azpeitian. Mutrikuarrak eta dimoztarrak osatutako bikoteak iaz titulu bera irabazi zuen, eta aurten ere titulua irabazten saiatuko di...
XV. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako finalean aurkari indartsu eta gogorren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Jon Rekondok eta Ander Erasunek beraien lehen finala jokatuko dute, eta nafarren aurkako norgehiagoka ez dela batere erraza izango nabarmendu du Mugertza II.ak. «Nire ustez, oso final estua izango da. Irabaztea ez da lan erraza izango».
Bigarren txapelketa irabazteko gogotsu irtengo du iazko bikote irabazleak. «Titulua mantentzen saiatuko gara. Dudarik gabe, irabaztera aterako gara. Azkar hasteko asmoa dugu, eta gerokoan, azken probarako indarrak gordetzen saiatuko gara».
Azkena, «erabakiorra»
Sei proba desberdinetan banatuta, 16 enbor moztu beharko dituzte bi bikote aurkariek. 45 ontzako enbor bat kolpeka mozten hasiko dute norgehiagoka.
Mugertzaren iritziz, probarik «erabakiorrena» azkena izango da. Lan erdira, etzandako zortzi enbor moztu beharko dituzte, eta erresistentzia beharrezkoa izango da. «Proba luze, gogor eta nekagarria izango da. Bertara ondo ailegatzea garrantzitsua izango da. Ordu laurden inguruko lana egin beharko dugu, eta hortxe segundo batzuk ateratzeko aukera izango dugula uste dut. Azken proban irabazi ahal diren segundoek finala irabazteko edo galtzeko garrantzia handia izango dute».