Bere herrian jokatuko du Munitibarko Aitor Irusta pilotariak gaur
Azken hamar bat urtean herrian egon ez den ikuskizunagaz gozatzeko aukera izango dute munitibartarrek. Izan ere, profesional mailako eskuz binakako partiduak hartuko ditu Lea-Artibaiko herriak gaur. Duela zenbait urte jaialdi hori hartzen zuen Munitib...
Hain zuzen, lehen mailako Retegi II.ak eta Rezustak osatutako bikoteak Ezkurdia eta Zabaletaren aurka jokatu beharko dute gaur Munitibarko frontoian. Horien aurretik, baina, Jaunarena-Merino eta Altuna III-Irusta bikoteen partida hartuko dute gustu handiz pelotazaleek Munitibarko frontoian, 17:00etatik aurrera.
Irustaren ilusioetako bat
Lea Ibarra Motrollo Pelota Elkarteak antolatu du gaurko eskupilota jaialdia, eta elkarte horri eta Unai Iglesias eskupilotako entrenatzaileari eskerrak eman beharrean agertu da Munitibarko pilotaria. Izan ere, horiei esker, bere «ilusioetako bat» betetzea lortuko du; profesional modura bere herrian jokatzea, hain zuzen ere.
Etxean jolasteagaz pozik dago munitibartarra, bertan izango baititu bere lagun eta familiakoak. Beraz, gozatzeko asmoz aterako da bere herriko frontoira. Horregaz batera, dena den, ahalik eta partida onena egiten saiatuko dela aitortu du: «Ea horrela irabazteko aukerarik dagoen».
Lehen mailako txapelketako azken partidak irabaztea lortu du Aitor Irustak, eta bolada on horrekin jarraitzea izango da bere helburu nagusia. «Hobeto entrenatzen eta ondo jokatzen» dagoela azaldu du, eta horri esker irabazten hasteko unea iritsi zaiola gaineratu du. Hala, «ahalik eta denbora luzeenean horrela jarraitzeko» lanean segituko du.