Mutrikuko Udalak bi aurreproiektu aurkeztu ditu
Mutriku eta Sasiola errepidearen alternatiba izan daitekeena eta Turruntegi eta Arbe arteko espaloiaren aurreproiektuak aurkeztu zizkien herritarrei Mutrikuko Udalak aurreko astean.Aurkezpena Mutriku eta Sasiola errepidearen alternatiba aurkezten hasi ...
Aurkezpena Mutriku eta Sasiola errepidearen alternatiba aurkezten hasi zuten. Alkatearen esanetan, errepide berria egiteko asmoa aspaldiko kontua da, ia 20 urte arinagokoa. «Kostaldeko bideak bere arriskuak zituela ikusten zen. Bide hori jausten bazen Mutrikutik pasatzen den zirkulazio guztiak alternatiba beharra zuen».
Azken agintaldian, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari errepide berria egiteko proposamena egin zion berriro, baina aldundiko ordezkariek «garestiegia» zela erantzun zieten. «82 milioi euro balio dituen exekuzio proiektua gehiegizkoa zela nabarmendu ziguten. Diru kopuru hori Gipuzkoako errepide guztien urteko mantenua baino garestiago dela argudiatu ziguten, eta ez zela bideragarria».
Hala ere, udal ordezkariak ez ziren esku hutsik bueltatu batzar hartatik. Egitasmo «merkeago eta bideragarriago» bat aurkeztuz gero, aldundiak dirua emango zuela eta lanez udala arduratu beharko zela adostu zuten.
Diru kopuru laurdenarekin
Udalak horrela eskatuta, Endara enpresa diru gutxiagorekin antzeko egitasmo bat egitea posible zen edo ez aztertzen ibili da azken hilabetoetan, eta horren berri eman zuen Pedro Azkue ingeniariak. «Gutxienez hiru helburu bete behar zituen proiektua gauzatzeko eskatu genion Azkueri. Alde batetik, ingurumena ahalik eta gutxien kaltetu behar zuen, eta bestetik, bidean bi ibilgailu astun gurutzatzeko behar besteko zabalera izan behar zuen bideak. Hori guztia, ahalik eta merkeen egiteko eskatu genion», azpimarratu zuen Palenzuelak.
Azterlana egin eta gero, egitasmoa merkeagoa izan daitekeela nabarmendu zuen ingeniariak. «Beste irizpide batzuk kontutan edukita, nire ustez, proiektua gauzatzea posible da. Egin ditudan kalkuluen arabera, 20 milio euro inguruko aurrekontua beharko litzateke; hasieran proposatutakoaren laurdena». Ingeniariak, gainera, proiektua zazpi zatitan planteatu du. «Nire ustez, zatika planteatuta, gauzatzeko aukera gehiago ditu».
Azkueren iritziz, egitasmoa bideragarria egiteko «orain dauden errepideak nahitaez ahalik eta gehien aprobetxatu» beharko lirateke. «Proiektu zaharrak errepide berri bat egitea aurreikusten zuen, eta ez zuen ezer aprobetxatzen. Kostuak merketzeko ahalik eta errepide gehiena aprobetxatu beharra dago».
Debaraino, oinez
Era berean, Turruntegi eta Arbe artean egin nahi den espaloiaren aurreproiektuaren berri ere eman zuten. «Aldundian dirua egon daitekeenean, proiektua mahai gainera ateratzeko moduan eduki nahi genuen, eta lanak hasteko moduan laga», azaldu zuen alkateak.
Aurreproiektua hiru zatitan gauzatu beharko litzatekeela adierazi zuen Martuarte enpresako Jose Migel Toledo arkitektuak, eta guztira 3.530.000 euroko aurrekontua beharko zutela.
Lehen fasean, Turruntegi eta Alkolea batuko lirateke, eta bigarrenean, Alkolea eta Arbe. Bigarren fasean, gainera, bi aukera zeudela nabarmendu zuen; alde batetik, errepidea orain dagoen bezala lagatzea, eta bestetik, tunel bat egitea. Bigarren aukera askoz garestiago suertatzen baldin bazen ere, abantailak gehiago zirela nabarmendu zuen. «Tunela egingo balitz, orain bihurgunea dagoen toki guzti hori oinezkoentzat izango litzateke», adierazi zuen Toledok.
Azkenik, Arbetik Arrilabain arteako fasearen berri eman zuen.