15 salmahai izango ditu Bermeoko Liburu Azokak
Bihar zabalduko ditu ateak Bermeoko Liburu eta Disko Azokak, eta martxoaren 15era bitartean bisitatu ahalko da, ohi legez, Lameran. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten, hamabost salmahai izango ditu azokak. Bertaratutakoek euskal eta erdal berrit...
Irakurzaletasuna bultzatu asmoz, «azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea» ditu helburu Bermeoko Liburu eta Disko azokak. Hala, hainbat gai izango dira aukeran: haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa eta euskal diskogintza, besteren artean. Euskal berritasunek, liburu zein diskoek, %10eko beherapena izango dutela azaldu dute antolatzaileek.
Idazleak azokan
Azokaren baitan, gainera, Euskal Aldizkaria erakusketa bisitatu ahalko dute herritarrek. Bestalde, zenbait idazle ere etorriko dira Bermeora. Hala, martxoaren 12an, eguenean, Unai Elorriaga idazleagaz solasaldia izango da udal liburutegian, 19:00etan. Idazlearen Iazko hezurrak liburuaz mintzatuko dira horretan.
Martxoaren 14an, zapatuan, berriz, 19:00etatik aurrera, J. Javier Abasolo eta Jon Arretxe egongo dira azokan. Abasolo Una del oeste bere liburua sinatzen; Arretxe Hutsaren itzalak.
Lamerako salmahaiak goizez zein arratsaldez egongo dira zabalik, 11:30etik 13:00etara bitartean eta 16:30etik 20:00etara bitartean.