Ondarroako Gure Esku Dagok 1.500 ohial zati batzeko erronka ipini du
Aurkezpenen ekitaldian hurrengo hilabeteotan egin beharreko lanaren ariketa praktiko txiki bat egin zuten. Bi data garrantzitsu ezarri dituzte ondarrutarrek: apirilaren 25a eta ekainaren 21aOndarroako Gure Esku Dagok 2015eko ikasturtearen aurkezpena eg...
Aurkezpenen ekitaldian hurrengo hilabeteotan egin beharreko lanaren ariketa praktiko txiki bat egin zuten. Bi data garrantzitsu ezarri dituzte ondarrutarrek: apirilaren 25a eta ekainaren 21a
Ondarroako Gure Esku Dagok 2015eko ikasturtearen aurkezpena egin zuen aurreko barikuan. Josu Etxaburu dinamikako kideak ikasturte honetan egingo diren ekimenen eta lortu nahi diren helburuen berri eman zien ekitaldira hurreratu ziren guztiei.Etxaburuk, besteak beste, ekainaren 21ean hainbat herritan jasotako atxikimenduez osatutako hautetsontzi erraldoia egiteko eman beharreko pausoen berri eman zuen. «Gure etorkizunaren jostunak bihurtuko gara 2015ean», nabarmendu zuen. Horrez gain, saretu txartela nola egin zitekeen azaldu eta 1.500 oihal zati batzeko erronka ipini zuten.
Hautetsontzia josten hasteko lehen beharrak apirilaren 25ean egingo zituztela ere azpimarratu zuten aurkezpenean. «Titarea hartu, hartu haria, hartu jostorratzak, hartu dena delakoak, eta oihalak jostera irtengo dugu».
Lehen atxikipenak
Hurrengo hilabeteotan egin beharreko lana nola gauzatu behar den erakusteko, ariketa praktiko bat egin zuten aurkezpenean.
Ekitaldian parte hartu zuten hainbat herritarrek 20 zatitan banatutako oihal gainean euren ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Batzuk esaldiak edota hitz solteak idatzi zituzten. Beste batzuek, ostera, pintura poteak hartu eta irudimena martxan ipini zuten: esku koloretsuak, kiribilak, larrosak…, denetarik ikusteko aukera egon zen denen artean osaturiko oihal zatian.
Herritarrek aurtengo helburuen berri izan eta ariketa praktikoa egiteaz gain, beste hainbat ekimenez gozatzeko aukera izan zuten aurkezpen ekitaldian.
Jostunak dokumentalaren zati bat ikusten hasi zuten ekitaldia. Gure Esku Dago dinamikako kideek azaldu zutenez, hurrengo batean dokumentala osorik ikusteko aukera egongo da.
Bestalde, Dantzarteko dantzariek bi koreografia egin zituzten; bata hasieran, eta bestea amaieran. Tartean, Traman & Brix antzerki taldeko kideek bi esketx barregarri eskaini zituzten. Esketxek gainera, mezu zuzenak eman zituzten amaieran.
Horrez gain, Ondarroako Metal Taldeko kideek lau pieza jo zituzten, eta ekitaldian egindako atsedenaldian ekainaren 8an egin zen gizakatean Elorrioko kilometrometoan grabatutako irudiak proiektatu zituzten.