III. Mendiz mendi emanaldiak hartuko ditu Mutrikuk egunotan
Aurreko urte bietan legez, aurten ere, Mendiz mendi emanaldiak hartuko ditu Mutrikuk. Orain arteko formatuari jarraiki, herriko lau tabernatan batuko dira herritarrak emanaldi horiez gozatzeko. Egun bakoitzean ordubete inguruko emanaldi bana egingo dut...
Hain zuzen, hilaren 5ean, 12an, 17an eta 26an ariko dira mendiari eta eskaladari buruz Mutrikun; egun horietan guztietan, 19:30ean jarri dute hitzordua. Biharko emanaldia Ametza tabernan izango bada ere, Txirlatxo, Zubixa eta Aranzubi tabernek ere hartuko dute emanaldi bana egunotan.
«Mendiaren eta eskaladaren inguruko ekintzak ikustera edota horietan parte hartzera gonbidatu nahi» dituzte herritarrak emanaldiok antolatzen dituzten Sorginerreka eskalada taldeak eta Burumendi mendi taldeak. Hala, mutrikuarrak ez ezik, gainontzeko herrietako bizilagunak ere animatu nahi izan dituzte emanaldietara joateko; izan ere, «giro oso polita» sortzen da sarioz saio.
Aurreko urteetako emanaldiek izan duten erantzuna positiboki baloratu du Igor Mendizabal Sorginerreka eskalada taldeko kideak, eta, bataz beste, emanaldi bakoitzean «jende dexente» bildu dela gogora ekarri du; «40 bat lagun».
Herritarrengana hurreratu
Hori horrela, aurrera begira ere, Mendiz mendi emanaldiak antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek. Hala, «jendearengana hurbiltzen» jarraituko dute, kultur etxean bildu beharrean, jendea dagoen lekuetara joanez; alegia, herriko tabernetara.
Urtean-urtean taberna ezberdinetan egin ohi dituzte emanaldiok, hartara, herriko taberna guztietara heltzekotan. Eta horietan parte hartzen duten hizlariak ere desberdinak izaten saiatzen direla azaldu du Mendizabalek; «Pertsona bera izatekotan ere, emanaldiak ez dira berdinak izaten».