Aro berri baten hasiera
Merkatu Plaza biziberritzeko asmoz, gunea berregituratu eta herritarrei zabaldu die Lekeitioko Udalak. Jaia ospatu dute aurrera begirako ibilbideari denen artean hasiera ematekoHerritarren bilgune izan zen joan den zapatuan, Merkatu Plaza. Lekeitioko U...
Merkatu Plaza biziberritzeko asmoz, gunea berregituratu eta herritarrei zabaldu die Lekeitioko Udalak. Jaia ospatu dute aurrera begirako ibilbideari denen artean hasiera emateko
Herritarren bilgune izan zen joan den zapatuan, Merkatu Plaza. Lekeitioko Udalak eraikina berregituratzeko eta modernizatzeko egin dituen lanak eta Merkatu Plazaren aurrera begirako ibilbidea ezagutzera eman zien herritarrei jai giroan. Azoka, musika, bertsolariak, talo ikastaroa, jolasak eta jana eta edaria egon ziren aukeran, gune berrituan.Goizean goiz hasi ziren ospakizunak, talo ikastaroagaz. Hogei lagun inguruk taloa egiten ikasi zuten giro bikainean. Ondoren etorri ziren Xabat Galletebeitiaren bertsoak eta Maitane Larrauri alkatearen hitzak.
Merkatu Plazak izan duen gainbehera azpimarratu zuen alkateak, eta horregatik 2012tik Garapen Agentziagaz batera Merkatu Plazaren diagnostikoa egin eta aurrera begirako lerro estrategikoak finkatu direla aipatu zuen. «Merkatu Plaza herritarren topaleku izatea nahi du udalak, eta horregatik goiko solairua zabalik dago herritarrentzat». Azken finean, aterpe bat eskaintzeagaz batera, Merkatu Plazarekiko hurbiltasuna eta etortzeko ohitura sustatu nahi dela esan zuen alkateak.
Kontsumo ereduen hausnarketa ere egin beharreko kontua dela aipatu zuen Larraurik. «Merkatu Plazan hainbeste kilometro bidaiatu ez daben kalitatezko produktuak aurkitzen ditugu. Gehiegizko plastiko eta paper barik eta konfiantzazko pertsonen eskutik elikagaiak eskuratzeko aukera zoragarria da Merkatu Plaza», nabarmendu zuen.
Ordenantza berria
Merkatu Plaza egokitu eta herritarrei zabaltzeagaz gain, egituratu ere egin nahi du udalak. Horretarako, udal-merkatu ordenantza berri bat aurkeztuko dute hurrengo osoko bilkuran. «Plazaren funtzionamendua gaur eguneratzeaz gain, postu bat lortzeko erraztasunak eskaini nahi dira», azaldu zuen. Izan ere, sei dira hutsik dauden salmenta guneak. Hala ere, udala merkatari berriekin harremanetan dago, eta lehen interesatuak agertu direla aurreratu dute.
Postuaren tamainaren arabera, lehen solairuan denda jartzeak 44,90 eurotatik 89,92 eurotara balio duela jakitera eman du udalak. Ekoizleentzat, aldiz, goiko pisuan mahai erdia hartzeak 0,95 euro balio ditu egunean, eta 5,70 euro hilabetean.