Egurrezko etxola bat izango da, hain zuzen ere, Aritzatxu hondartzan eraikiko dutena. Eraikin hori sorospen eta salbamendu zerbitzuentzako postua izango da batetik, eta bestetik, hondartzako erabiltzaileentzako komun publikoak jarriko dituztela aipatu dute.
Olatu bat, iaz, Aritzatxun
2014ko otsaileko eta martxoko denboraleek Aritzatxun zegoen eraikina suntsitu zuten. Ondorioz, oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko eraikinik gabe geratu zen Aritxatzu. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren ustez, «hondartzako erabiltzaileei zerbitzu publiko onak eta prebentziozko zerbitzu onak emateko, beharrezkoa da beharrizan horietara egokituta dauden lokal eta instalazio finkoak egotea».
Hala, epe laburrera egurrezko etxola hori egiteko lanak hasiko dituztela azaldu dute Foru Aldunditik; izan ere, hondartza denboraldia hasten denerako prest eduki gura dute.
10,20 metro kuadroko azalera erabilgarria izango du Aritzatxun eraikiko duten azpiegiturak. Emakumezkoentzako zein gizonezkoentzako komunak, erakusmahai bat eta terraza bat egongo direla iragarri dute. Foru Aldundiak 60.475,82 euroko inbertsioa egingo du horretarako.
Azaldu dutenez, «legeak ezartzen duenaren arabera, udalen eskumena da hondartzak eta bainurako leku publikoak behar bezalako baldintzetan mantentzea, garbitasunari, osasungarritasunari eta segurtasunari dagokienez. Hala ere, Aldunditik lurralde osoko elkartasuna eta zerbitzuen kalitatea bateratzearen alde egiten dugu».