Gazteei lana bilatzen laguntzeko programa martxan jarri dute aurten ere
Bizkaiko Foru Aldundiak, Busturialdeko hainbat herrietako udalekin batera, Lana bilatzea Lana da programa abiarazi du. Busturialdeko gazte langabetuei lana bilatzeko prozesuan laguntzea da programa horren helburu nagusia.
Lana bilatzea Lana da programak Busturialdeko gazteen enplegua eta ekintzailetza sustatuko ditu trebakuntza eta garapen pertsonalen bitartez. Programaren nondik norakoak azaltzeko, informazio saioak antolatu dituzte. Gernika-Lumoko Elai Alai txiki aretoan egingo dute lehenengo saioa bihar, 19:00etan. Ordu berean, baina eguenean izango da Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean bigarren saioa. Eskualdeko herri txikietan ere egingo dituzte aurkezpen saioak, baina oraindik zehazteke dituzte egunak eta orduak.
Gazteen gaitasun pertsonalak eta profesionalak landuko dituzte programak dituen hiru ataletan: trebakuntza, orientazioa eta jarraipena.
Trebakuntzaren atalean, gaitasun pertsonalak eta profesionalak, kooperatibagintza, Curriculum Vitae-ren prestaketa, hautaketa prozesuak edota networking-a landuko dituzte, besteak beste.
Orientazio atala, berriz, hiru arlotan banatuko dute; norbere burua ezagutzea, proiekzioa eta ekintza plana, hain zuzen ere.
Azkenik, jarraipenaren atalean, jakinarazi dutenez, banakako aholkularitza izango dute parte hartzen duten gazteek. Atal horretan orientatzailearen eta parte hartzailearen artean antolatuko dute egin beharreko lana, eta beharrizanen eta interesen araberako saioen maiztasuna beraiek ezarriko dute.
Informazio gehiago gura duten gazteek, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria sailekin edota Urremendi Landa Garapen Elkartearekin jar daitezke harremanetan.