Urdaibai iraunkortasunerako ikasleku izateko plana onartu du Patronatuak
Berrikuntza arloan Urdaibai aitzindari bilakatu gura du Eusko Jaurlaritzak. Eskola umeak garapen iraunkorraren baloreetan hezteko gunea ere izango daUrdaibaiko Biosfera Erreserba garapen iraunkorrerako ikasleku bilakatuko duen plana onartu zuen atzo Ur...
Berrikuntza arloan Urdaibai aitzindari bilakatu gura du Eusko Jaurlaritzak. Eskola umeak garapen iraunkorraren baloreetan hezteko gunea ere izango da
Urdaibaiko Biosfera Erreserba garapen iraunkorrerako ikasleku bilakatuko duen plana onartu zuen atzo Urdaibaiko Patronatuak (Garapen jasangarrirako interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta hezkuntzarako PICE plana). Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josean galerak azaldu zuenez, Urdaibai iraunkortasunerako ikasgune bihurtzeko jarduera ildoak biltzen ditu plan horrek, baita ekonomia berdea eta turismoa erakargarriagoa garatzeko ekintzak ere. Plan hori 2025. urtera arte egongo da indarrean, eta tokiko eragileen parte hartzearekin eta adostasunarekin garatu dutela esan zuen Galerak.Berrikuntza arloan ere Urdaibaiko Biosfera Erreserba aitzindari izatea dute helburu. Kontzientziak piztu gura dituzte, erreserbaren kudeaketa hobea egiteko. Horretarako tresnak ere zehazten ditu planak. Bidea markatu gura du, Urdaibaiko erreserban bizi diren eta lan egiten duten denek iraunkortasunaren alde lanean jarrai dezaten.
Elkarlana eta koordinazioa
Urdaibaiko Biosfera Erreserban lan egiten duten agente guztien arteko elkarlana ere garrantzitsua dela azaldu zuten atzo, plana aurkezterakoan. Galerak zehaztu legez, horien arteko koordinazioa bilatu gura du plan onartu berriak. Izan ere, diagnosia egiterakoan identifikatu zuten hutsuneetako bat izan zen hori: erreserban lan egiten duten agenteen arteko koordinazio falta. Asko lan egiten da, eta ondo, baina elkarlanik ez dago.
Era berean, herritarrak informatzearen beharra ere azpimarratu dute plana garatu dutenek. Alegia, Urdaibaiko Biosfera Erreserban lan eta ikerketa ugari egin izan dituzte, eta, Doñanako Parkearen atzetik, nazioarteko artikulu gehien publikatu duen gunea da Urdaibai. Hala ere, lan horiek herritarrengana helarazten ez dute jakin.
Plan berriak hutsune horiek kontuan hartu eta ekintza programak zehazten ditu.
Sei izango dira, hain zuzen, programa nagusiak: koordinazioa eta lankidetza; informazioa eta komunikazioa; dibulgazioa eta interpretazioa; garapen iraunkorrerako hezkuntza; iraunkortasunerako gaikuntza, partaidetza eta ekintza programa, eta, azkenik, ikerketa zientifikorako programa.
Ezagutza eta jarrera
Biosfera Erreserban diharduten agenteen arteko koordinazioa bermatzeko asmoz, dagoeneko existitzen diren espazioak baliatuko dituzte, horiek indartuz: turismo mahaia, eskolako Agenda 21 edota udalsarea, beste batzuren artean. Horiek, planean integratu dituzte, elkarren arteko kolaborazioa indartuz.
Ikerkuntza, interpretazioa eta hezkuntza arloan lortu gura dute elkarlan hori, garapen iraunkorra helburu. Zentzu horretan, garrantzia handia eman diote, baita, heziketari. Horregatik, plan berria hezkuntza arloan ere txertatuko du Jaurlaitzak. Hezkuntza Berrikuntzarako Zuzendari Begoña Garamendik azaldu legez, derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan ikasleak gaitasuna izatea eta konpetenteak izatea dute helburu. Horretarako, iraunkortasuna ez da irakasgai edo diziplina legez ulertu behar bakarrik; zeharkako konpetentzia da bultzatu gura dutena: «Ikasleek norbera izaten ikas dezaten, eta egiten ikas dezaten. Hau da, ezagutza bai, baina jarrerak ere garrantzitsuak dira, nola jokatu behar duten besteen ongizatea ere bermatzeko».
Plana aurkezterakoan Garamendik aipatu zuen, gainera, ikasleek printzipio batzuk izan beharko lituzketela, «naturaren zaintzan, norbere zaintzan oinarritutako printzipioak»; eta horiek hezkuntza arlotik landu behar direla uste du Hezkuntza Berrikuntzarako zuzendariak. «Zeharkako konpetentziak landu behar dira hezkuntza zentroetan, diziplinagaz batera».