Portuko aparkaleku erdia doan erabili ahalko dute herritarrek
Ondarroako portuko aparkalekua domekatik aurrera erabilgarri egongo da. Herritarrek 100 aparkaleku edukiko dituzte, eta portuko beharginek beste 100Ondarroako portuko aparkaleku erdia doan erabili ahalko dute herritarrek, domekatik aurrera. «Aparkalek...
Ondarroako portuko aparkalekua domekatik aurrera erabilgarri egongo da. Herritarrek 100 aparkaleku edukiko dituzte, eta portuko beharginek beste 100
Ondarroako portuko aparkaleku erdia doan erabili ahalko dute herritarrek, domekatik aurrera. «Aparkalekua zabalik egon den bi hilabeteetan arazoak sortu dira, portuko beharginek ez zutelako aparkatzeko lekurik aurkitzen. Horregatik, aurrerantzean, herritarrek aparkaleku erdia erabili ahalko dute», azaldu du Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio zuzendariak.Ruiz de Angulok zehaztu duenez, azken bi hileetan aparkalekua doan erabili ahal izan dute herritarrek, eta epe horretan sortu diren arazoak identifikatu ahal izan dituzte. «Denbora tarte horretan aparkalekuari zein erabilera eman erabakitzen aritu gara; abantailak eta desabantailak ikusi ditugu».
Balorazioak egin eta gero, aparkalekua erdibitzea «aukerarik onena» dela ebatzi du Jaurlaritzak. «Arazorik larrienak domeketan gertatzen ziren. Izan ere, egun horretan arrantzontzi asko porturatzen dira». Horrez gain, aparkalekuan ibilgailu handiak aparkatuta egotean ere arazoak sortu zirela gaineratu du Ruiz de Angulok. «Arraina deskargatzerakoan eta kamioietan sartzerakoan, garraiolariek maniobrak egiteko arazoak izaten zituzten».
Arrantzontziei gasoila sartzerakoan ere arazoak sortzen zirela gaineratu du Jaurlaritzakoak. «Egoera horren aurrean, bi aukera aztertu ditugu: portuko aparkaleku osoa herritarrentzako asteburuetan zabaltzea edo herritarren erabilerarako aparkaleku erdia zabaltzea». Lehenengo aukerarekin, baina, domeketan sortzen zen arazoa ez zen konpontzen. Horregatik, aparkaleku erdia zabaltzea aukeratu dute.
Hesiak eta sarbideak
Aparkalekua bi zatitan egiteko, Jaurlaritzak newjersey izeneko barrerak erabiliko ditu. «Gutxienez, herritarrentzako 100 aparkaleku egongo dira». Gutxienez diote; izan ere, portuan aktibitaterik ez dagoenean, mota horretako hesiak «erraz» mugitu ahal dira, eta, ondorioz, herritarrentzako aparkaleku gehiago zabalduko lituzkete.
Aparkalekua bi zatitan eginda, bi sarbide egongo dira: gaur egun ibilgailuek erabiltzen dutena eta kofradia ondokoa. Portuko beharginek kofradia ondoan dagoen sarbidea erabili beharko dute, eta herritarrek gaur egun erabiltzen dutena (zebrabidearen parekoa).