«Sariak ilusioa egiten badu ere, umeengana iristea da nire helburua»
Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) irabazi du Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi Saria. Bermeotarraren Hau ez da zoo bat! lana gailendu da lehiaketara aurkeztu diren hamazazpien artean. 3.700 euroko saria jasoko du Agirrek, eta, gainera, bere lana publ...
Pozik sariagaz?
Pila bat, sinistu ezinean nabil. Ez nuen espero.
Maila handia egoten al da?
Ez naiz inor hori esateko, baina entzun dudanagatik, baietz uste dut.
Hau ez da zoo bat! lanagatik hartu duzu saria. Zer kontatzen du istorioak?
Animaliak asko gustatzen zaizkion neskatil bat da liburuaren protagonista. Gurasoei eskatzen die baimena, eta horiek ez dute animaliarik gura. Hala ere, arrain batzuk lortzen ditu, eta etxera eroaten ditu, eta ondoren dortoka, hamsterra, loroa, katua eta azkenean txakurra ere. Pausoz pauso gura duena lortzen du. Neskatilak animaliekin bizi dituen istorioak kontatzen ditut. Umeei zuzendutako barre egiteko lana da.
Lehiaketarako bereziki idatzitako lana al da?
Ez, inoiz ez dut lehiaketa baterako idazten. Nire burua behartuz ezin dut idatzi. Joan den udan idatzitako istorioa da, eta argitaletxeetara bidaltzeko ideia nuen. Lehiaketara bidaltzea erabaki nuen, baina bidalita nuenik ere ahaztuta neukan. Horregatik, ustekabe handiz hartu dut saria.
Liburua, gainera, publikatu egingo da. Poztekoa, ezta?
Bai, noski. Nik umeak irakurtzeko idazten dut. Sariak ilusioa egiten du, baina nire helburua umeengana iristea da, eta hau aukera on bat da. Zarauzko ikastetxeetan banatuko da, hortaz, hainbat umek izango dute nire lana etxeetan. Lan hau, bereziki, umeengan pentsatuta idatzi nuen.
Beste zerbait daukazu esku artean?
Amaitu berri dut helduentzako proiektu bat, laburra da. Elkar argitaletxera bidali dut, eta editoreak esaten duenaren zain nago. Ez dakit ondo horrekin zer egingo dudan, baina, gutxienez, haren iritzia izan gurako nuke. Estres momentuak erabiltzen ditut idazteko. Guztia alde batera utzita, idazten hasten naiz, energia deskargateko modurik hoberena da niretzat. Umeentzat, berriz, joan den udan idatzi nituen azkenak, saritua izan den eleberri hau eta ipuin labur bat. Hala ere, horientzat idazten jarraitu gura dut, ikasten ari naiz.