36ko Gerran eta Lehen Frankismoaren garaian Gautegiz Arteagan gertatutakoaeta eskubideen urraketak ikertuko ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak.

Javi Buces historialariak egingo du ikerketa Gautegiz Arteagan/Aranzadi
Historia orokorra jasota dago liburuetan, eta, gutxi gorabehera, jakin badakigu zer gertatu zen. Baina herri txikietan gertatutakoari buruz ez dakigu ezer». Historia lokala berreskuratzearen garrantziaz ari da Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari Javi Buces. Lan horretan, 36ko Gerra eta Lehen Frankismoa ikertzeko programak burutu dituzte zenbait herritan, eta Gautegiz Arteagan ere lan horrekin hasiko dira martxoan.
1936. urtetik 1945. urtera herri horretan gertatu zena ikertuko du Aranzadik; «baina, batez ere, giza eskubideen urraketak ikertu nahi ditugu». Biktima guztiak identifikatzea litzateke Aranzadiko historialariaren asmoa: «hildakoak zeintzuk izan ziren, errepresaliatuak, frontean fusilatu zituztenak, erbesteratutakoak…». Herrietan gertatutakoa ere historiaren parte dela dio Bucesek, eta horri buruz ez dela askorik ikertzen.
Gautegiz Arteagako Udalak eskatuta, ikerketa hori egingo duen Euskal Herriko laugarren udalerria izango da. «Gerra sasoiko eta frankisko garaiko konpentsaziorik ez dute izan herritarrek, eta agian dagoeneko ezinezkoa izango da. Hala ere, oroimena berreskuratu dezakegu, herrian gertatutakoa ahaztu ez dadin», azaldu du Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek.
Ez da beranduegi
Herriko historian ezjakinak direla deritzo Naberanek, eta frankismo garaian gertatu zenari buruz herritarrek ezer gutxi dakitela. «Gure herrian

Salamancako artxibo militarrean dute Gautegiz Arteagako batzokiko ikurriña
ere jendea fusilatu zuten, eta Gernika bonbardatu zutenean bonbak erori ziren Gautegiz Arteagan ere». Garai hura bizi izan zuten gudariekin hizketan jakin zuen Naberanek bere herriko historia. «Gaur egun haietako asko hilda daude, eta pena dut elkarrizketa haiek grabatu ez izanagatik». Orain, oroimen hori berreskuratu nahi du. «1987an ere alkate izan nintzen, eta sasoi hartan sortu zitzaidan lehenengoz ikerketa hau egiteko gogoa. Hala ere, oraindik goizegi ote zen zalantza izan nuen, eta, azkenean ez genuen ezer egin. Orain, aldiz, berandu ez ote den zalantza dut», dio. Aranzadikoen laguntza eskatu du lan hori egiteko; eta, berandu izan arren, oraindik beranduegi ez dela ondorioztatu dute.
Testigantzak
Urtebete emango du Javi Buces historialariak herriko historia ikertzen. Horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa izango duela aitortu du. «Martxoaren 6an aurkezpen hitzaldi bat emango dut herrian, eta martxoko bariku guztietan oroimen bulegoa zabalduko dugu udaletxean». Herritarrak hara hurbilduko direla uste du Bucesek. «Herriko pertsona klabeak bilatu behar ditugu, garai hartako kontuak esan eta dokumentuak emango dizkigutenak».
Artxiboetara ere joko du Aranzadiko ikertzaileak; estataletara, lokaletara eta militarretara joko du, garai hartako historiari buruz egon daitekeena jasotzeko. «Salamancako artxibo militarrean dago, esaterako, garai hartan Gautegiz Arteagako Batzokiko ikurriña zena; eta herriarentzat berreskuratu nahiko genuke», azaldu du Nabernaek.
Dokumentazioa batu ostean, elkarrizketak egingo ditu herrian, testigantzak hartzeko. «Artxiboetan gauza asko aurkitzen ditugu, baina han ez dago dena. Herriko adinekoek eta haien senitartekoek ere asko dute kontatzeko». Dena den, lan hori askotan nekeza egiten zaiela aitortu du Bucesek. «Jendea, gaur egun oraindik, beldu da; gertatu zenari eta bizi izan zutenari buruz berba egiteko beldur». Hori dela eta, historia eta memoria historikoa berreskuratzeko jasotakoa kontatzeko garrantziaz ohartarazi gura ditu herritarrak. «Guretzat oso garrantzitsua da herri txikietan lan hau egitea. Egia da herri handietan holako ekimenak aurrera ateratzeko baliabide gehiago dituztela. Baina herri txikietan gertatu zena ez dugu ezagutzen, eta gauza asko gertatu ziren, inoiz kontatu ez dituztenak». Bucesek dioenez, herritar askok berari kontatzen diote lehenengoz 36ko Gerran edo Lehen Frankismoaren garaian bizi izan zutena, «Sarritan, gainera, familiakoren bat izaten dute ondoan elkarrizketetan –semea, alaba–, eta familiako hori ere zur eta lur geratzen da historia entzutean; sekula ere etxean ezer kontatu ez duen jende asko badagoelako oraindik ere».
Bizi izandakoak beraiekin gordetzen dituztela dio historialariak, «eta beraiek dira herriko historiako pasarterik garrantzizkoenak dakizkitenak».

Leioako errepresaliatuen familiakoei egindako omenaldia /Aranzadi
Egia azaleratu
Historia lokala ezagutzea eta ezagutzera ematea da ikerketaren helburuetako bat. Baina, egia ezagutzeari ere garrantzia ematen dio Aranzadik. «Ikerlari legez, gure lana da egia azaleraztea». Egia hori, baina, justizia eta erreparazioa eskatzeko baliatu daitekeela dio Bucesek. «Horiek ez dira gure eskumenekoak, baina, egia ezagututa, justizia eta erreparazioa eska dezakete horretarako eskumena duten erakundeetan».
Bizkaian, Gautegiz Arteagan ez ezik, Leioan ere berreskuratu dute memoria historikoa, eta 2014. urtean atera zuten liburua. «Eta udalak, bere aldetik, omenaldia ere egin zien garai hartako biktimei». Bucesek esandakoaren arabera, Leioan ikertzen hasi aurretik, garai hartako biktima bezala, 10 lagun zituzten identifikatuta: «bagenekien bi lagun bonbardaketan hil zirela, beste bi frontean hil zirela…». Baina, haritik tiraka, azkenean 1936 eta 1945. urteen artean 60 biktima baino gehiago identifikatu dituzte herrian. «Garai hartakoak ezkutuan daude gaur egun oraindik».