Mutriku-Mijoa bidegorria aurkeztu du Foru Aldundiak
Lanak udazkenean hasi eta hurrengo urteko udan amaitzea espero dute. Azkenaldian Gipuzkoan egindako bidegorrien moduko irizpide berberak izango ditu MutrikukoakMutrikuko Udalaren eskariz, Mutriku eta Mijoako industrialdea batuko dituen bidegorria eging...
Lanak udazkenean hasi eta hurrengo urteko udan amaitzea espero dute. Azkenaldian Gipuzkoan egindako bidegorrien moduko irizpide berberak izango ditu Mutrikukoak
Mutrikuko Udalaren eskariz, Mutriku eta Mijoako industrialdea batuko dituen bidegorria egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen iritziz, hainbeste urte eta gero, proiektua gauzatzera doala jakitea «pozgarria» da. «Herritarrak aspalditik daude proiektua egiteko zain, eta berau herrira ailegatu dela jakitea oso pozgarria da».Mutriku Saturraranekin lotuko duen bidegorria bi fasetan egingo dute. Lehenengo eta behin, Mutriku Mijoa industrialdealdearekin lotuko duen zatia egingo dute, eta aurrerago Mijoa industrialdea Saturraranekin batuko duena egiteko asmoa dago. Hala ere, Saturraranera «modu seguruan gurutzatzeko» zebrabidea hurrengo hilabeetan egiteko asmoa agertu dute Foru Aldundiko kideek. «Proiektu osoa aurrerago gauzatuko baldin bada ere, zebrabidea proiektu horretatik atera, eta aurretik egiteko asmoa dugu. Herritarrei aukera bat eman nahi diegu bidea modu eroso eta seguru batean pasatzeko», azaldu zuen Unai Erroitzenea Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendariak.
Hamar hilabete inguru
Lehen fasearen lanak udazkenean hasi eta 2016ko udan amaitzea espero du aldundiak.
Aurrekontuari dagokionez, urteak arinago planteatuta zegoen proiektua baino ia milioi bat euro garestiagoa izango da. German Pozas Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamenduko teknikariak adierazi zuenez, lanak egiteko 2,7 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute. Bidegorriaren azpitik auzoko saneanemendua ere egingo dute, eta lanen zati hori URA agentziak ordainduko du. «Hitzarmen bat sinatuko da, eta bi obra horiek bateratu egingo dira».
Neurriei dagokionez, lau metroko zabalera izango du; oinezkoentzako eta bizikleta erabiltzaileentzako bina metro.
Bestalde, azkenaldian Gipuzkoan egindako bidegorrien moduko irizpide berberak izango ditu Mutrikukoak ere. Lurzorua asfalto beltzekoa, barandez hornitua eta LED argiez argiztatuta egongo da. Horrez gain, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta, errepidearekiko babestuta egongo da. Pozasek adierazi zuenez, bi babes mota izango ditu. Hasierako bihurgunean, Antzomendi parean, betoia ipiniko dute, eta zuzenguneetan, aldiz, balizez inguratutako zintarriak ipiniko dituzte.
Bi aldaketa nabarmen
Bidea Olatzeko errepidearen bidegurutzean hasi eta Mijoarako norantzan ezkerreko aldean egongo da, errepidearen aldamenean. Bidegorriak, orokorrean, errepidea zuzen dagoen tokietan «obra eta mugimendu gutxi» izango dituela nabarmendu zuen Pozasek.
Hala ere, ibilbideak bi puntutan aldaketa nabarmenak izango ditu. Hasierako metroetan, esate baterako, errepideak aldaketak edukiko ditu. Ondarroatik Mutrikurako norantzan Olatzera sartzeko dagoen hirugarren erreia kendu egingo dute, «bidegorria horren gainean egiteko».
Bestalde, San Jeronimoko baselizaren aurrean ere nahikoa aldaketa egin beharko dituztela azpimarratu zuen Mugikortasun departamenduko teknikariak. «Gaur egungo errepidea apur bat mendirantz desbideratu egin beharko dugu, bidegorria baseliza eta errepidearen artean sartu ahal izateko». Mendia gehiegi moztu gabe errepidea bertatik pasa ahal izateko, tarte horretan bidegorria estutu egin beharko dute. Lau metro izan ordez, bi izango ditu, eta «tarte horretan oinezkoek bizikleten aurrean lehentasuna izango dute». Berritasun modura, autobus geraleku bi ere egingo dituzte San Jeronimoko baselizaren parean; norantza bakoitzean bana.