Taldeak iaz egindako aurkezpena
Herriko eta inguruko umeei eta gazteei kirola egiteko aukera berriak ematekotan sortu zen orain dela 30 urte Busturia Txirrindulari Taldea. Ismael Bilbao taldeko presidentearen esanetan, “garai hartan hasi zen errepidetik txirrindulari gehiago ikusten”. Gainera, eragina izan zuen 1984. urtean Euskal Herriko Bira Busturiko Paresi auzoan amaitzeak. Hortik abiatuta, txirrindularitzari bultzada eman gura zion talde bat sortu zen. Antonio Seco Mina, Mikel Lezamiz eta Jose Mari Serrano izan ziren, besteren artean, Busturia Txirrindulari Taldea eratu zutenak.
Ordutik, taldeak gorabehera asko bizi izan dituela aipatu du Bilbaok. Hasierako urteetan 350 bazkide inguru zituen taldeak, baina gerora ia bazkiderik gabeko uneak ere bizi izan ditu. Gaur egun, hala ere, gorakada baten ostean, 150 bazkide inguru biltzen ditu.
Bazkideak bezala, hasierako urteetan hainbat txirrindulari zeuden taldean, eta ondoren beherakada nabarmena izan zen: “Hasieran genituen 40 umeetatik, 5-6 txirrindulari izatera pasatu ginen zenbait urtetan”. Gaur egun 30 txirrindularitik gora daude taldean, eskualdeko txirrindulari talde bakarra baita Busturikoa. Hala, Gernika-Lumoko taldea desagertu zenean, Busturia Txirrindulari Taldeak hartu zituen hango txirrindulariak.
Txirrinduak uzteko aukera
30 urtetan gauza asko aldatu direla dio taldeko presidenteak, txirrinduetatik hasita: “Lehen bizikleta zaharrak geneuzkan, burdin batzuk, oso pisutsuak, eta ahal genuen bezala konpontzen genituen. Gaur egun, berriz, ia ume guztiek dute txirrindua. Hala ere, ez da beharrezkoa bizikleta propioa izatea, guk uzteko badauzkagulako”.
Zazpi urtetik gorako txirrindulariak hartzen ditu Busturia Txirrindulari Taldeak, eta hiru kategoria bereizten dituzte. Umeak edota txirrindularitza eskolak, kadeteak eta gazteak. Iaz, desagertutako Gernika-Lumoko txirrindulari taldetik Busturira joandakoekin sortu zituzten kadete eta gazte mailako taldeak, eta horiekin jarraitzeko asmoa dutela iragarri du taldeko presidenteak: “Diru aldetik ikusi beharko dugu gauzek zelako bidea hartzen duten, baina iaz hasitakoa mantendu egingo dugu, aurton behintzat. Hortaz, astiro bada ere, bagoaz aurrera”.
Artxiboko irudi bat
Mutilak gehiengo nagusia dira Busturiko taldean. Gutxiengo batzuk dira neskak; hala ere, Bizkaiko txapeldun Amaia Lartitegi dute taldean. Aurton infantil kategorian lehiatuko da Lartitegi: “Oso gustora dabil Amaia, topera. Beti dago entrenatzeko prest”, dio Bilbaok. Taldeko presidenteak azaldu legez, “erronka nagusienetako bat taldean nesken kopurua handitzea” da. “Zuzendaritzan ere dagoeneko horretaz hitz egin dugu, eta oraindik zehaztu barik badugu ere, nesken parte hartzea bultzatzen lagun dezaketen jardueraren batean pentsatzen gabiltza”. Bestalde, bi urte barru kadete eta jubenil mailako nesken lasterketa bat antolatzeko asmoa dutela iragarri du, “ea neska gehiago animatzen diren”. Izan ere, 35 laguneko taldean zazpi inguru baino ez dira neskak.
Esfortzu handiko kirola
Gurasoen “beldurra” oztopo izan daitekeela nabarmendu du Bilbaok. “Txirrindularitza eskoletan umeek zirkuitu itxietan eta trafiko gabekoetan parte hartzen dutela gurasoei ondo azaltzen saiatzen gara”. Kategoria bakoitzak, gainera, bi entrenatzaile edo monitore ditu, eta haien lana «nabarmentzekoa» dela dio Bilbaok: “Guztiok gara boluntarioak, eta aste barruan eta asteburuetan hara eta hona ibiltzeak denbora eskatzen du. Haien esfortzua eskertzekoa da”.
Profesionaletara iritsi diren bi txirrindulari ere izan ditu Busturia Txirrindulari Taldeak: David Seco eta Rafa Mateos. Secok hainbat txapelketa irabazi ditu ziklokrosean; tartean, Bizkaiko, Euskadiko zein Espainiako txapelketak. Mateosen profesionaletako ibilbidea laburra izan zela gogorarazi du Bilbaok, baina Frantziako Tourra lehiatzeko aukera izan zuela dio. Alabaina, gaur egun profesionaletara iristea “zailagoa” dela uste du taldeko presidenteak. “Euskaltel Euskadi desagertu denez, are zailagoa da. Oso-oso ona izan behar da profesionaletara iristeko, eta hainbat dira bidean geratzen direnak, kirol guztietan gertatzen den bezala”.
Txirrindularitzaren mundua “ez da erraza”, esfortzu handia eskatzen duen kirola baita. “Denboraldia martxoaren amaieran hasten bada ere, Gabonetatik entrenatzen dabiltza, negu gorrian. Ikasketak ere badituzte, eta ondo ibiltzeko asko entrenatu behar da. Lau edo bost egunetan entrenatu behar dute txirrinduan, baina, horrez gain, gimnasiora ere joan beharra daukate. Bestalde, jatekoa eta pisua ere zaindu beharra daukate. Gauza asko dira, eta guztiak garrantzitsuak”.
“Ilusioarekin” aurrera
Taldeak aurrera egin dezan, behar-beharrezkoa dute dirua. Sarrera desberdinak ditu taldeak; Busturiko Udalaren diru laguntza, babesleak, bazkideak eta herriko jaietan jartzen duten txosnatik ateratakoa. Busturiko Udala taldearekin “oso ondo” portatzen dela diote; “herrian lasterketaren bat antolatzen dugunean ere diru laguntza ematen digu”. Diruaren arabera, urtean zehar lasterketa gehiago edo gutxiago antolatzen dituzte. Aurton, kadete mailako lasterketa bat antolatuko dute Altamira auzoan; maiatzaren 9an izango da hori.
Etorkizunari “ilusioarekin” begiratzen diote, aurrera begira erronka nagusi bi dituztela aipatuta. Batetik, taldeko nesken kopuruak gora egitea, eta, bestetik, iaz martxan jarritako kadete eta gazte mailakoekin jarraitzea. “Azken horri jarraipena eman eta finkatu gurako genuke”, esan du Bilbaok.
Txirrindularitza kirol “polita” dela iritzita, Busturia Txirrindulari Taldeko presidenteak umeak eta gazteak animatu gura ditu, eta dei berezia egin die, batez ere, neskei: “Ea posible dugun hemendik gutxira kadeteen neska talde bat sortzea. Taldearentzako albiste ona izango litzateke”.
2015. urteko denboraldia hasteko oso gutxi falta dute txirrindulariek. Horren aurretik, talde guztien aurkezpena egingo du Busturia Txirrindulari Taldeak martxoaren 1ean, domekaz. Aurkezpen ekitaldia 12:00etan izango da, Altamirako Kultur Etxean.