Kamiñazpiko sarrera berritzeko beharrak hasi ditu Ondarroako Udalak
Txomin Agirre ikastolaren paretik Kamiñazpi 21.era bitartean espaloia ipini eta autobus geltokiaren atzeko igarobidea zabalduko dira. Beharrek eragin arina izango dute zirkulazioanTxomin Agirre ikastolaren paretik Kamiñazpi kaleko 21. zenbakira bitar...
Txomin Agirre ikastolaren paretik Kamiñazpi 21.era bitartean espaloia ipini eta autobus geltokiaren atzeko igarobidea zabalduko dira. Beharrek eragin arina izango dute zirkulazioan
Txomin Agirre ikastolaren paretik Kamiñazpi kaleko 21. zenbakira bitartean espaloia ipintzeko eta autobus geltokiaren atzeko igarobidea zabaltzeko beharrak hasi dituzte Kamiñazpin. Azken horri esker, gainera, ibilgailuak errazago pasako dira.Iturribarrin egindako hirigintza lanei jarraipena emango diete Kamiñazpiko sarrerako beharrek. Ondarroako Udalak aurreratu duenez, beharrek hiru hilabeteko iraupena izango dute. «Kamiñazpiko auzokoek arazo garrantzitsu bi konpontzeko eskaera egin zuten udalean, eta biei konponbidea emango zaie».
Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, herritarren segurtasuna bermatze aldera egingo dute espaloi berria; 80 metrotik gorako luzerako eta 2,20 metroko zabalerakoa izango da oinezkoen bide berria. Espaloi berriagaz batera, eta energia aurrezteko helburuagaz, gainera, LED sistemadun farolak ere ipiniko dira.
Horrez gain, bidearen beste aldean ere konponketak egingo dituzte. Autobus geltokiaren atzean, pasabide oso estua dago, eta sarri autoak aurrera ezin pasata egoten dira. Arazo hori saihesteko, eremu hori 90 zentimetro zabalduko da, auzokoen eskariz. Bizkaibusaren geltokiaren inguruan seinale horizontalak ere ipiniko dira, gaur egun seinalerik ez dago eta.
Eskaileretan ere aldaketak
Auzoko bi eskaileretan ere aldaketak egingo dira. Alde batetik, Kamiñazpiko 15era ematen duten eskailerak birmoldatu egingo dira. «Espaloiaren albotik bidexka bat egingo da, ez beheraino, baina bai zati eder batean; eskailera guztiak ez, baina batzuk kendu egingo dira». Bestalde, Kamiñazpi 14ko eskailerak ere konpondu egingo dituzte. Bide batez, Kamiñazpi 21era ematen duen zebrabidearen kokapena aldatu egingo dute, «goiko aldeko etxeetara joateko bidera errazago ailegatzeko».
Udal ordezkarien iritziz, beharrek zirkulazioan eragin arina izango dute eta Bizkaibuseko autobusen zerbitzuan ez dute eragin handirik izango. Espaloia egin ahal izateko oinarria hartzeko, esate baterako, zutoinak sartu beharko dira, eta errepidean bertan egongo dira lanean.
Behar horiek egiteaz batera, behegaina altxatu behar dela aprobetxatuz, auzoko saneamendua berritu eta euri urak kanalizatuko dituzte.