Ura herritarrengana hurbiltzeko jardunaldiak antolatu dituzte
Hitzaldiak eta mahainguruan egingo dituzte zapatuan, Gernika-Lumon
Uraren gaia herritarrengana hurbiltzea, eta, horiekin batera, ur-politikei buruzko eztabaida sortzea dute helburu Busturialdeko Ur partzuergoak zapaturako antolatu dituen jardunaldiek. Ura, XX. mendeko urre urdina. Zein da bere benetako balioa? Eta prezioa? izenburupean egingo dituzte, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, «herritarrek beraien gustura parte hartzeko aukera izan dezaten». Hala, parte hartzeko deia luzatu die ur partzuregoak herritar denei: «Gai horrekin lotura duten ikasketak egiten ari diren ikasleak direla; instituzioetako ordezkariak direla, edo gai horrekiko interesa duten herritarrak direla, parte hartzeko deia egiten diegu», azaldu dute Busturialdeko Ur partzuergoko ordezkariek. Ura herritarren ondarea dela diote jardunaldien antolatzaileek, «bizitzeko ezinbesteko duguna». Hori dela eta, uraren gaiak urrunekoa eta ezezaguna izateari utz diezaion da Busturialdeko Ur Partzuergoaren asmoa. «Gaia gizarte eztabaidaren erdigunean jartzea garrantzitsua dela deritzogu». Hain zuzen, horregatik antolatu dituzte asteburuan egingo dituzten jardunaldiak, eta, ariketa horretan, elkarrekin parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei. Egitaraua, hemen ikusgai: