Matxitxakoko behatokia
Eusko Jaurlaritzaren kontseiluak Euskal Herriko administrazio orokorraren eta Bizkaiko Aldundiaren, Bilboko portu agintaritzaren eta Bermeoko Udalaren arteko hitzarmena onartu zuen atzo, “Matxitxakoko antzinako itsasargian den behatokiaren eta harako sarbidearen kudeaketa egokia bermatzeko”. Hitzarmenaren helburua da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen sailaren, Bermeoko Udalaren eta Bilboko Portuko Agintaritzaren arteko lankidetza artikulatzea. Helburua, berriz, Matxitxakoko lurmuturreko antzinako itsasargiari erantsita den hegaztien, zetazeoen eta itsas faunaren behatokirako sarbidea erraztea da, eta ekipamendu eta inguruetako egoera egokia bermatzea.
Alabaina, Jaurlaritzak zehaztu duenez, hitzarmenak “ez dauka eduki ekonomikorik”; izan ere, “gero bakoitzak dituen aurrekontuen arabera gauzatuko baititu hartutako konpromisoak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburu Ana Oregik iazko irailean aurkeztu zuen Matxitxakoko itsasargiko zetazeoen eta itsas hegaztien behatoki berria. Azpiegitura berria, Bilboko portuarekin elkarlanean eraikitakoa, herritarrei irekita dago eta adituek nahiz ikerlariek erabiltzeko eremua dauka. “Matxitxakoko itsasargia zaharberritzearen helburua gordeleku eta babesleku gisa erabil daitekeen eremua sortzea izan da, ikerlariek itsas hegaztiak eta zetazeoak iker ditzaten. Bai eta herritarren erabilerarako ere. Kontuan hartu behar da behatokia Europako Natura 2000 Sarean kokatutako eremu batean dagoela eta gertu dituela zenbait Kontserbatzeko Eremu Berezi. Ondorioz, biodibertsitatea aztertzeko paraje hobezina da”, esan zuen orduko hartan Ana Oregik.