'Harriketarrak' gaia landuta, Naiak irabazi du tabernen mozorro lehiaketa
Sarabanda eta Zubigane tabernek jaso dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Eguraldi txarra dela eta, kalejira bakarra izan zen goizeanAratusteetako egunik garrantzitsuena zuten atzokoa bermeotarrek, eta aurreko urteetako ohiturari eu...
Sarabanda eta Zubigane tabernek jaso dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Eguraldi txarra dela eta, kalejira bakarra izan zen goizean
Aratusteetako egunik garrantzitsuena zuten atzokoa bermeotarrek, eta aurreko urteetako ohiturari eutsita, tabernen mozorro lehiaketako irabazleak hautatu zituzten. Lehiaketara aurkeztutako zazpi tabernen artean, Naiarentzat izan zen lehenengo saria. Harriketarrak gaia hautatu zuen taberna irabazleak.Juegos reunidos gaiaz mozorrotutako Sarabanda tabernarentzat izan da bigarren saria; eta hirugarrena, berriz, piropoetan girotutako Zubigane tabernarentzat.
XIV. edizioa izan da aurtengoa. Idurre Bideguren alkateak, Aingeru Astui Kultura zinegotziak eta jai batzordeko kideek osatu dute epaimahaia, eta honakoak izan dituzte kontuan irabazlea hautatzerakoan: tabernaren apainketa eta mozorroen originaltasuna; umorea; erabilitako materialen kontsumo orekatua; eta mozorroa eta apainketa bat etortzea.
Nabarmendu dutenez, «maila altua» egon da. «Oso originalak izan dira, lan handia egin dute eta apaingarri gehienak eskuz egindakoak izan dira». Hala, tabernek egindako «ahalegina» eskertu dute.
Eguraldia, baina, ez zuten lagun izan atzo. Goizean, esaterako, Sagrado Corazon ikastetxekoek eta Eleizalde ikastolakoek bertan behera utzi zituzten aurreikusita zituzten kalejirak. San Frantzisko herri ikastetxekoak izan ziren kalera atera ziren bakarrak. Eguerdian, aterrunearekin, herritarrak kalera ateratzen animatu ziren. Kalez kale ibili zen batukadaren danbor hotsek, gainera, giroa alaitzen lagundu zuten.