Birziklapenaren gorakadari esker, sastar gutxiago sortu da Bermeon
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailetik jakinarazi dutenez, «laugarren urtez jarraian lortu da etxeko sastar kopurua gutxitzea». 2013. urtearekin alderatuta, 2014an %0,32 jaitsi zen bildutako sastar kopurua. Jaitsieraren arrazoi nagusiena birziklapenaren...
2014an 4.800 tona sastar sortu ziren Bermeon; 0,77 kilo zabor eguneko eta biztanleko, hain zuzen ere. Jaitsieraren arrazoietako bat krisi ekonomikoa izan daitekeela azaldu dute udaletik: «Kontsumoa murriztu egiten da, eta, modu horretan, baita hondakin kopurua ere». Hala ere, sastar kopuruaren jaitsieraren arrazoi nagusia birziklapenaren «gorakada» dela nabarmendu dute Ingurumen Sailetik. Azaldu dutenez, «2014an %2,11 igo zen birziklapena Bermeon, eta, guztira, 1.447 tona hondakin berreskuratu ziren». Hala, iaz sortutako hondakin guztietatik %26 berreskuratzea lortu dela diote; gainontzekoa, berriz, Zabalgarbiko errauste plantara bidali zuten.
Arropa gutxiago batu
Birziklapenaren gorako joera hori, bereziki, etxetresna zaharren eta ontzien kasuan nabaritu dute: %19,4ko igoera izan da etxetresna eta altzari zaharren kasuan (177 tona), eta %2,7koa, berriz, ontzi arinen kasuan (281 tona). Bestalde, paperaren eta kartoiaren bilketak izan duen gorakada ere nabarmentzekoa dela aipatu dute, %1,3ko igoera izan baitu (531 tona). Etxeetan erabilitako olioaren birziklapenak ere %18,7ko igoera izan du.
Arropa bilketaren kasuan, bestalde, jaitsiera nabaritu dute, %15,5 murriztu baita (35 tona). Azkenik, batutako beira kopurua berdina izan dela azaldu dute Ingurumen Sailetik. Emandako datuen arabera, iaz 468 tona batu zituzten, hain zuzen ere.
Ingurumen Sailetik adierazi dutenez, «garrantzitsua da kontsumitzerako orduan arduratsuak izatea eta jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea». Denborarekin, gainera, bermeotarrak birziklatzeko ohituretan «hobetzen» joan direla aipatu dute, baina hainbat arlotan oraindik «hobetu» beharra daukatela gaineratuta: «Esate baterako, hondakinak etxeetan bereiztea ondo legoke, ondoren, birziklatzeko».