Eguraldi txarrari margotutako aurpegia erakutsi diote Busturialdeko herritarrek asteburu honetan. Egun euritsuak izan diren arren, mozorroak jantzi eta kalera atera dira han eta hemen.
Atorrek ere urteroko ibilbidean aldaketak egin behar izan zituzten atzo, eta aterri zen uneak aprobetxatu zituzten aterpetik atera eta kalean abesteko. Hala ere, beraien doinuekin ere busti zen atzo Mundaka, eguerditik aurrera. Festa giroa ez zuen zapuztu egun umelak, eta mozorro originalak erakutsi zituzten herriko koadrillek.
Gernika-Lumon, bestalde, marroen aurreskua egin zuten Foru plazan, ohiturarri jarraituta. Elai-Alai dantzari taldearen eskutik, dantzarik ez da falta izan herriko kaleetan. Zapatu iluntzean ere, Altsasuko inauteriak antzeztu zituzten, sorgin, mamu eta momotxorroak kalera ateraz. Otzararen zozketa ere egin du taldeak. 2705 izan da zenbaki irabazlea, eta Ibarrangeluko Bego Ziluagak eraman du otzara ederra etxera.
Marroan aurreskua, Gernika-Lumon
Bermeon, tostada txapelketa egin dute asteburuan, Haitz Nagusije Alde Zaharreko auzo elkartiek antolatuta. Ogizko tostaden lehiaketan 19 parte hartzaile izan ziren, eta 13 izan ziren aiezko tostadak egin zituztenak. Ogizko tostaden artean, Maite Erauzkinenak izan ziren gozoenak. Nagore Gaubekak eraman zuen bigarren saria, eta Mari Karmen Zabalak hirugarrena. Aiezko tostaden artean, Espe Ipiñarentzat izan zen sari nagusia, Egoitz Azazetak egin zuen bigarren, eta Kari Akelarrek hirugarren.
Bermeoko tostada txapelketa
Bermeotarrek biharkoa izango dute egun handia. 11:00etan hasita, ikastetxeetako ikasleek kalejira egingo dute.
Ean, Gautegiz Arteagan, Ajangizen, Arratzun eta Foruan ere ospatu dituzte iñauteriak; eta gaur eta bihar ere umeentzako ekimenak izango dira azken herri horretan. Nabarnizen, txitxiburduntzia egin zuen atzo Peña Athleticek.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.