Museoa aztarnaz aztarna programaren barruan, Bizkaiko Arkeologi Museoak
Natxituako hilarria izenagaz ezagutzen den pieza ezagutarazteko epea zabaldu zuen iazko azaroaren amaieran. Otsailaren 22a izango da erakusketaren azken eguna, eta, beraz, egun gutxi gelditzen dira Ean aurkitutako aztarna hori Bilboko museoan ikusi ahal izateko.
Natxituako hilarria Eako Natxitua auzoko Kontsolazioko Andra Maria eliza zaharberritzeko lanetan aurkitu zuten, eta Bilboko Eleiz Museoak Arkeologi Museoan utzi zuen, han gorde zezaten. Ordutik, pieza hori Arkeologi Museoak kontserbatu du, baina ikusgai jarri barik.
Kristo Ondorengo I. mende ingurukoa da
Natxituako hilarria, eta kare-harrian landuta dago. Giza irudi bat irudikatzen du. Museoaren arabera, “arte indigenaren adierazpen bat da, zeinetan eragin estetiko erromatarren eragina ikusten den”.
Urdaibaiko aztarna ugari
Gutxi gorabehera 500 pieza gordetzen ditu Arkeologi Museoak, zaharrenak duela 75.000 urtekoak, Barrikan eta Lemoan aurkitutakoak. Horren zaharrak izan ez arren, badauzka garrantzia handiko beste batzuk ere, horietako asko Urdaibain aurkitutakoak. Horien artean daude Foruko erromatarren aztarnategian aurkitutakoak edota Urbietako ontzi-hondarra. Azken hori, alabaina, Parisko Cluny Museoan egongo da hilaren 23ra arte, aldi baterako utzi baitio Bilboko museoak Frantziakoari.