Iaz, kolore laranjaz bete zuten Goiko Plaza. Argazkia: Bermeoko Udala
Domekan, hilaren 15ean, Minbizia duten umeen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Bermeon, iaz egin legez, gaixotasun hori pairatzen dutenenganako elkartasuna adierazi asmoz, elkarretaratzea egingo dute.
Minbizia duten haurrak gizarteratzen laguntzen duten eta ikerketaren aldeko eta bizkar-muin emaileen taldeko gurasoek (Ospiko kuadrila) deitu dute domekako elkarretaratzea. 12:00etan ipini dute hitzordua Goiko Plazan.
Elkarretaratzea deitu duen guraso taldeak, iaz Bermeon bizitako «marea laranja» batu gura du berriro, «oraindik minbiziaren ondorioak pairatzen duten haur eta familia asko daudela gogorarazteko». Hala, kamiseta edota kolore laranjako arropa soinean eramateko deia egin die bertaratzeko asmoa duten herritarrei.
Elkarretaratzearen helburua «minbizia duten umeen eta horien familiak bizi duten egoera gizarteratzea izango da, eta horregaz batera, haurren minbiziaren gaiari buruz sentsibilizatzea, eta, era berean, herriaren babesa, berotasuna eta laguntza helaraztea».