Symbiosis eta K-otica in progress II aurkeztuko ditu Ziomara Hormaetxek Lizeo Antzokian
Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian estreinatuko du Ziomara Hormaetxe gernikarrak ‘K-otika in progress II’ lana. Horrekin batera, ‘Symbiosis’ lanaren pieza laburra ere erakutsiko du zapatuko dantza saioan. Menpekotasuna afektibo-emozional eta fisikoei eta ondorioei buruz hitz egiten du Symbiosis lanak, eta oraindik amaitu gabe dagoen pieza dela zehaztu du Hormaetxek: “Work in progress bat da, eta urri edo azarorako amaituta egongo da”. Gernika-Lumorako pieza horren zati bat prestatu dute, “orain arte egin dugun lana erakutsiko dugu”.
Artistaren esanetan, sorkuntza prozesuan bizitoki artistiko ezberdinak izan ditu Symbiosis-ek; tartean, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia. Robert Jackson dantzari australiararren laguntza izango du Hormaetxek eszenatokian; Rec Overflow-ek jarriko dio musika piezari, eta bideoak Guillermo Saenzenak dira. Pieza hori garatzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntzak izan ditu Hormaetxek, baita ‘K-otica in progress II’ sortzeko ere. Gernika-Lumoko Udalak eta kultur etxeak eskainitako laguntza ere eskertu du artista gernikarrak. Laguntza horiei guztiei esker izan du posible zapatuan Gernika-Lumon aurkeztuko dituen lanak sortzea.
Ziomara Hormaetxe
Aiert Beobide dantzari donostiarraren laguntza izango du ‘K-otica in progress II’-ren antzezpenean. Bideoen proiekzioa Alphax-en eskutik joango da; Aitor Etxebarriarena (El_Txef_A) izango da musika, eta kanta batean Hannot Mintegiak jarriko du ahotsa.