11 zaldik parte hartuko dute asteburuan, Ispasterko probetan
Hogeita hamargarrenez, Kintxopeko zaldi-mando probak hartuko ditu Ispasterrek. Hiru egunetan banatuta, 11 zaldik parte hartuko dute barikuan hasi eta domekara bitartean. Hainbat izaten dira urtero-urtero Ispasterko probalekuan biltzen diren herritarrak...
21:00etan hasiko dituzte probak barikuan eta zapatuan, eta domekan, berriz, 18:00etan. Lehenengo eta bigarren egunean launa zaldiren arteko norgehiagoka izango dute aukeran Ispasterko probalekura bertaratzen diren herritarrek, eta, hirugarren eta azken egunean, berriz, hiru zaldirena.
Parte hartzaile guztiek Ispasterko harria erabili behar izango dute proban, eta abereen oinarrizko pisua 400 kilokoa izango da. Ispasterko Udalak jakinarazi duenez, saioa baino ordubete lehenago egin behar izango dute pisaketa bertan parte hartzen dutenek.
11 zaldirentzako hamar sari nagusi egongo dira asteburuko proba horietan. Untza gehien egitea lortzen duenak 750 euro jasoko ditu dirutan, eta, horrez gain, manta eta txapela ere eskuratuko ditu. Saririk jasotzen ez duen parte hartzaileak, gainera, irabazlearen markaren %70a egiten badu, 300 euro jasoko dituela jakinarazi du Ispasterko Udalak.
Iazko zaldi-mando probetan Mikel Garaialderen Urnietako zaldia nagusitu zen. Irabazleak 76 untza, 3/4, hiru metro eta 35 zentimetro egin zituen garaipena eskuratzeko. Itziarko Etxeberrik lortu zuen bigarren postua, eta Etxebarriko Beide Anaiakek, aldiz, hirugarrena. Horretan ere, 11 zaldi aritu ziren lehian probek iraun zuten lau egunetan.