Iazko irabazleak, Talako Txiringito Tximinoi
Ohi legez, aratuste egunean, otsailaren 17an, izango da lehiaketa eta herriko edozein tabernak parte har dezake. Parte hartzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte aratuste egunean bertan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 11:00etatik aurrera tabernak apainduta egon beharko dira baita tabernariak ere. Gainera, tabernetako apainketa otsailaren 21era arte mantentzea eskatzen dute Jai Batzordekoek, «aratusteetako egitaraua amaitu arte».
Epaimahaia txapelketako antolatzaileen ordezkariek osatuko dutela jakinarazi dute eta parte hartzaile guztien tabernak bisitatuko dituzte otsailaren 17an, eguerdi partean. Irabazleen izenak, bestalde, egun horretako arratsaldean jakinaraziko dituzte. Bermeoko Udalaren webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dituzte, hain zuzen.
Balorazioa egiterakoan, epaimahaikideak honakoak izango dituzte kontuan: apainketaren orijinaltasuna, erabiliko diren materialentzako kontsumo orekatua eta ingurumena errespetatzea eta mozorroa eta apainketa bat izatea, besteak beste.
Aratusteetako tabernen mozorro lehiaketan parte hartu gura duten tabernariek, otsailaren 16ra arte eman dezakete izena Kultura Sailean, 94-617 91 57 telefono zenbakira deituta edo kultura@bermeo.org helbide elektronikora mezu bat bidalita. Ondoren, izena eman duten tabernen zerrenda otsailaren 16an, 14:00etan, udalaren facebookean jarriko dutela jakinarazi dute.