'Erabakia ehuntzen' erronka berria aurkeztu du Lekeitioko Gure Esku Dagok
Ekainaren 20an herrialdeetako hiriburuetan hautetsontzi erraldoiak osatuko direla azaldu dute. Ekitaldi berezia egin dute Etxebarrian, kandelen argiak piztuta«Bateren batek uste bazuen iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartu zituen giza kateag...
Ekainaren 20an herrialdeetako hiriburuetan hautetsontzi erraldoiak osatuko direla azaldu dute. Ekitaldi berezia egin dute Etxebarrian, kandelen argiak piztuta
«Bateren batek uste bazuen iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartu zituen giza kateagaz Gure Esku Dagoren ibilaldia amaitu zela, oker dago», esan dute Lekeitioko Gure Esku Dagoko kideek. Hasiera batean espero zuten baino erantzun handiagoa lortu zuten orduan. «Baina ekimena ez zela arrakastaren arrakastagaz hil eta kito», diote. Izan ere, aurtengo erronka, Erabakia ehuntzen, oraindik asmo handiagokoa dela azpimarratu du Gure Esku Dagok.Erronka berri horren aurkezpena atzo egin zuten Lekeition, eta herriko kirol eta kultur taldeez gain, hainbat herritar, gazte eta nagusi, gizon eta emakume, batu ziren Ikusgarri aretoan. Goio Urkiaga eta Alazne Ikazuragagoitia hizlariek aditzera eman zutenez, «inor ez dago soberan, eta denen atxekimendua beharko da herri honen erabakitzeko eskubidean benetan sinesten badugu».
Gure Esku Dagoren izatearen alde garrantzitsuena jarrera bat dela azaldu zuten. «Eskozian bezala, non burujabetasunaren aldekoak eta aurkakoak gai izan dira elkarregaz lan egiteko eskubide demokratiko bat besterik ez dena burutzeko».
Ekainaren 20rako deia
Hizlariek behin eta berriro azpimarratu zuten desberdinen arteko elkarlanean sakondu behar dela, eta herri borondatea elkartuz erabakia ehuntzea lortuko dela. Horretarako, ekainaren 20an herrialdetako hiriburuetan hautetsontzi erraldoiak osatuko direla azaldu zuten. Hautetsontzi horiek herritarren atxikimendu pertsonalak elkarri josiz egingo dira, eta horretarako oihal zatiak erabiliko dira. «Herritar bakoitzak bere oihal zatia beste herritar guztienekin josiko du», zehaztu zuten.
Gure Esku Dagok jakitera eman duenez, iaz esku eratuak izan ziren modura, oihal zatitxoak izango dira, beraz, aurten elkarlanerako borondatearen sinboloa. «Oinarrizko lana, desberdinen arteko konfiantza eremu- ak sortzea da, bakoitzaren ideiak josiz eta topaleku bilakatuz», esan zuten.
Azalpenez gain, ospakizuna ere izan zen domekakoa. Beraz, musika eta dantza ikustaldiak ere egon ziren Ikusgarrin, eta amaieran, gainera, mokadua hartzeko aukera.
Asteburuero Eskolapeko kioskoan jostunak egongo direla jakitera eman zuten Lekeitioko Gure Esku Dagokoek, hau da, informazioa eman eta nahi duten guztien atxikimendua jasoko dutenak. «Erabakitzeko eskubidean sinisten duten herritarren zerbitzura».
Kandelen argiekin
Lekeition domekan egin zuten modura, barikuan atera ziren kalera Etxebarrikoak. Kandelario egunean kandelak piztu izan ditu ETX taldeak, oraingoan, baina, herriko talde biek, ETX eta Gure Esku Dagok bat egin dute ekimen berezia antolatuz.
Plazan zeukaten jarrita hitzordua guztien artean Gure Esku Dagoren eskua osatzeko, baina, eguraldiaren ondorioz, frontoian bildu ziren, azkenean, erabakitze eskubidearen aldeko aldarrikapena egiteko.
Horrela, 50 lagunek, kandelak eskuan, Gure Esku Dagoren sinboloa irudikatu zuten argi txikiekin. Probalekuaren lurzoruaren gainean ere osatu zuten eskua.